- Zehaztu dira Erregina Koparen datak. COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondoren emakumezkoen eskubaloia Koparekin itzuliko da lehiara, gainera, Super Amara Bera Bera dugu Koparen egungo txapelduna. Espainiako Eskubaloi Federazioak atzo baieztatu zuenez, irailaren 3tik 6ra bitartean eskubaloiaren lehia ofiziala abian jarriko da emakumeen XLI Koparekin; berez, txapelketa joan den apirilean joka-tzekoa zen, baina osasun krisiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten.

Malagako Alhaurin de la Torre udalerriko El Limón udal kiroldegia normaltasun aro berri honetako eskubaloiko lehen ekitaldi handia prestatzen ari da jada. Horretarako Espainiako Federazioa jarduera protokolo zehatza amaitzen ari da, prebentziozko neurri guztiak kontuan hartuz, Kirol Kontseilu Gorenak arlo horretan egindako Errege Dekretua zintzo beteaz. Gainera, protokolo horrek bat etorri beharko du Andaluziako Juntaren dekretuarekin, Malagako udalerriko kirol-esparrura ikusleak joan ahal izateko.

Bestalde, pairatzen ari garen egoera larria kontuan izanik, Espainiako Eskubaloi Federazioak oraingoan, eta salbuespen gisa, Erreginaren Kopako azken fasean parte hartuko duten zortzi klubetako kadeteen taldeak bildu behar zituen emakumezkoen eskubaloiko Espainiako MiniKopa ez egitea erabaki du: Super Amara Bera Bera, Rincon Fertilidad Malaga, Rocasa Gran Canaria, Atletico Guardés, KH-7 Granollers, Balonmano Elx, Liberbank Xixon eta Aula Alimentos Valladolid.

Iberdrola Ligako azken partida martxoaren 7an jokatu zen, eta Alhaurin de la Torren jokatuko den 2020ko Kopa honetan taldeak lehiara itzuli ahala titulu bat jokoan izango da, berritasunez gainezka etorriko den denboraldi berri honetan, lehiaketa eredua ere aldatu egin baita (talde parte-hartzaileak bi multzotan banatu baitira). Denboraldiaren hasierarekin bat etorriko denez, eta Bera Berak egindako eskaeraren ondoren, Espainiako Federazioak Koparen egutegia egun batez luza-tzea erabaki du, finalerdietarako beste 24 orduko atsedena emanez. Horrela, irailaren 3an, ostegunez, final-laurdenetako norgehiagokak jokatuko dira; finalerdiak irailaren 5ean, larunbatez; eta finala, igandean, irailaren 6an.

Horrela, irailaren 4an, ostiralean, finalerdietarako txartela lortu duten taldeek atseden eguna izango dute, eta Federaziotik egun mardula antolatu dute: goizean 2020/21 denboraldiko Liga Guerreras Iberdrolako klub guztiekin topaketa izango dute, eta arratsaldean Emakumezkoen Eskubaloiaren Gala ospatuko dute, eta urtero legez, bertan omenduko dira denboraldiko jokalaririk onenak.

Eta hori guztia Televisión Españolaren laguntzarekin, Koparen zirrara eta emozioa ikusle guztiei helarazteaz arduratuko baita. Teledeporte kateak, Erreginaren XLI Kopako azken fase honetako zazpi partidetatik bost zuzenean eskainiko ditu, eta, nolanahi ere, Espainiako Telebistaren webgunean partida guzti guztiak ikusi ahal izango da.

Eskubaloia Koparekin itzuliko da lehiara; ostegunean final laurdenak izango dira; larunbatean finalerdiak; eta finala igandean