'Bat edo hiru' diskoa argitaratu du Amorantek

20.10.2020 | 21:25
Amoranteren lehenengo iraupen luzeko biniloa da 'Bi edo hiru'

Iluna da Amoranteren disko berria; iluna, baina argitasun printzekin. Horrela definitu du Amorantek berak, Iban Urizar musikariak, Bat edo hiru izeneko lana. Tronpeta, pianoa eta elektronika zan-tzuak dituzte oinarri melodiek, besteak beste. Irailaren amaieran argitaratu zuen elgoibartarrak lan berria, eta ari da jada kontzertuak ematen. Alde horretatik zortea izan duela dio, emanaldiak izaten ari baita, eta onartu du "nahiko egoera onean" dagoela, "espero baino hobeto".

Amoranteren lehenengo iraupen luzeko biniloa da Bat edo hiru, baina aurretik ere argitaratuak zituen Amorante izeneko EP bat eta Manuela eta Brueghle zarra singleak batzen zituen beste lan bat: "Askotan esan izan didate ea noiz aterako nuen nire lehenengo diskoa, baina hau nire hirugarren erreferentzia da". Hori dela eta, atera berri duen lanari izena jartzerako orduan hitz joko bat egitea erabaki du, eta hortik dator Bat edo hiru; lehenengo diskoa izan daitekeelako edo hirugarrena, segun eta nola kontatzen dituzun.

Hitz jokoak izugarri gustatzen zaizkio Urizarri, eta Amorante izena ere horrelako jolas batetik sortu zen. Elgoibartarraren gustukoak diren bi musikariren fusio bat da: Enrique Morente flamenko kantariaren izena eta Rodrigo Amarante konposa-tzaile brasildarrarena batzean sortutakoa da. "Euskaraz maitale esan nahi du, eta fonetikoki ere badauka oso interesgarria iruditzen zaidan kutsu bat", azaldu du Urizarrek. Gaineratu du Antonio Morente izeneko torero bat ere badagoela, A. Morente bezala ere agertu izan dena. "Konnotazio batzuk oso iradokitzaileak iruditzen zitzaizkidan, probokatzaileak ere bai", adierazi du.

Amorante hitzetatik abiatutako proiektua da, eta horren erakusle dira abestien letrak ere. Uxue Alberdiren kolaborazioa izan du Urizarrek abesti batean. "Oso letra ederra idatzi dit duela mende batzuk pasatako istorio baten inguruan". XVII. mendean Donostiako Trinitate plazan egindako esklabo salmenta bat kontatzen du abestian. Artzeren hitzak ere badaude diskoan. Ama hil zaigu abestiaren moldaketa egin du Urizarrek.

Musikari dagokionean, Mariano Hurtadoren kontrabaxua izan du lagun diskoa grabatzerakoan, baita Joseba Irazokiren kolaborazioa ere. Hala ere, taulara bakarrik igoko da kontzertuetan. "Askotan galdetzen didate ea talderen bat egingo dudan, baina nik uste dut Amorantek duen gauza erakargarrienetako bat dela bakarrik aritzen naizela", adierazi du. Beraz, puntualki eszenatokietara musikariekin igo den arren eta oso gustura egon bada ere, bakarlari gisa jarrai-tzeko asmoa du Urizarrek. Forbidden Colours diskoetxearekin argitaratu du diskoa, eta Aitor Etxebarriarekin aritu da lanean. Horrez gain, Urizarrek nabarmendu du biniloaren diseinua La Caja de Tiposeko Ander Sanchezek eta Maria Saezek egin dutela.

Espero gabeko zentzua Urizar "oso gustura" azaldu da lanaren emaitzarekin. Azaro aldean ekin zioten diskoaren aurre-edizioari eta abenduan grabatu zuten. Hala ere, uste du pandemia garaian sortutako lan bat eman dezakeela eta espero gabeko zentzu bat izan ahal duela. Heriotzaren gaia oso presente dago ia kantu guztietan. Estetikoki, instrumentazio motagatik, baita moldaketengatik ere disko iluna dela dio autoreak, baina ez du nahita modu horretara sortu; prestatutako abestiak bildu eta itxura hori hartu zuen lanak. Dena den, Urizarrek adierazi du nahiz eta kantuek iluntasunera eramaten duten entzulea, berarentzat ez direla abesti "gordinak eta tristeak", eta argitasuna ere badutela gaineratu du.

Txikitatik jotzen duen tronpetak leku esanguratsua du Amoranteren musikan, baita pianoak ere. Musikari underground bezala ikusten du bere burua, baina denetarik jo izan du. "Hainbat generotatik eta taldetatik pasatu naiz tronpetari esker; horrek elikatu egin nau, eta horrexegatik da Amorante den bezalakoa", adierazi du. Elektronika zantzu batzuk ere txertatu ditu lanean: "Nire ahotsarekin nituen erreparoak edo segurtasun falta disimulatzeko erabiltzen nituen efektuak, eta ñabardura horiek estetikoki bide batzuk markatu dituzte".

Zuzenekoak jomugan Disko bat atera berri duen arren, Urizarrek onartu du zuzeneko emanaldiak eskaintzeko sortu zela Amorante. Hori dela eta, adierazi du abestiak ez dituela disko batean sartzeko konposatzen, baizik eta zuzenean jotzeko. "Grabaketak beharrezkoak dira industriak eskatzen duen gurpilean sartzeko, baina galdetuz gero zerekin geldituko nintzatekeen, zuzenekoekin esango nuke", azpimarratu du. Kontzertuetan "disfrutatzen" du Urizarrek, eta eszenatoki baten gainean ikusten du bere burua gustura.

Amorante hasia da jada kontzertuak eskaintzen, bai Euskal Herrian, baita kanpoan ere. "Bizitzen ari garen garai zail hauetan ez da erraza gure jarduna naturaltasunez egin ahal izatea, baina ni zorteduna izan naiz". Urizarrek uste du emanaldiak edukitzeko arrazoietako bat dela bere musika jarrita entzuteko modukoa dela, gaur egungo osasun neurriek agintzen duten bezala. Badaki egoera latzak ari direla bizitzen sektoreko profesional asko: "Badirudi musikariok garela kaltetuenak, baina teknikariak, adibidez, gu baino okerragoa daude, ez baitute kasik aukerarik lan egiteko". Amorantek suertatzen zaizkion aukerak baliatuko ditu, eta datozen asteetan kontzertuak ematen jarraituko du.