Musika eta kantagintzan egin duen ibilbide luzea aitortzeko asmoarekin, “herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik”, Donostiako Udalak Adarra Saria eman dio Antton Valverde kantari eta pianistari. Ekainaren 21ean, Bruce Springsteenek Donostian aurtengo bere bi kontzertuetako lehena eskainiko duen egun berean, jasoko du Valverdek garaikurra Victoria Eugenia Antzokian. Segidan, Francisco Herrero (biolina), Iván Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garcés (kontrabaxua) musikariez lagunduta, bere ibilbidea errepasatuko duen errezitaldia eskainiko du.
Nola hartu zenuen Adarra Sariaren berria?
Harrituta gelditu nintzen. Halere, kontent hartu nuen eta kontent nago. Donostiar batentzat, Donostiako hiriak horrelako sari bat ematea pozgarria da.
Ibilbide oparoaren aitortza da Adarra Saria.
Horrela hartzen dut nik, behintzat, ibilbide nahiko luze baten aitortza bezala. Pentsa ezazu, 1970. urtean hasi nintzen kantatzen. Laster 55 urte beteko ditut horretan.
55 urte, eta oraindik errepidean jarraitzen duzu.
Eta etorriko direnak! Gorputzak aguantatzen duen bitartean, lata ematen jarraitzeko asmoa dut.
Sasoiko zaude, beraz.
Banago, bai.
Denborarekin konposatzeko grina apaldu egiten al da?
Ez, ez, ez. Jubilatu nintzenetik, gainera, denbora gehiago daukat eta beti ibiltzen naiz zerbaiten bila, poeta berri edo zaharrak direla... Gustatzen zait eta pozik egiten dut.
Horrelako errekonozimenduek atzera begiratzeko gonbita egiten dute. Zer da Antton Valverdek ikusten duena atzera begiratzen duenean?
Harrituta bezala geratzen naiz. Hainbeste urtetan gauza asko egin ditut, jaialdi asko eskaini ditut, jende asko ezagutu dut, leku asko bisitatu ditut... Atzera begiratzerakoan lagunak ikusten ditut, batez ere. Oskarbirekin gustura ibili nintzen, baita Xabier Lete eta Lourdes Iriondorekin ere; zer esanik ez Pantxoa eta Peiorekin... Eta kantariez harago, musikari asko ere bihotzen ditut, Pascal Gaigne, Karlos Jiménez, Jabier Muguruza, Francisco Herrero... Hauek guztiak eta beste asko gogoratzeak bete egiten nau.
Izen horiek guztiak ikusita, beti saltsan izan zarela dirudi.
Hutsune txiki bat izan zen, 1977 edo 1978 inguruan. Xabierrek eta biok geldiune bat egin genuen, zegoen giro nahasiarekin nazkatuta geundelako. Denbora dezente ezer gabe egon ginen baina, gerora, karrerilla hartu eta berriro hasi nintzen, orain arte.
Artearen mundua etxetik ezagutu zenuen zu.
Aita, Antton Valverde Ayalde, pintorea zen eta izeba, Rosa Valverde, pianista, Guridiren ikasle eta jarraitzailea. Giroa bazen gure etxean.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Haurtzaroak erlazio estua du musika eta artearekin, orokorrean, nire etxetik artista asko pasa baitziren: Ascensio Martiarena pintorea, Chillida, Oteiza, Nemesio Etxaniz, Aita Donostia, Jesús Guridi, Nestor Basterretxea... Horiek danak ezagutu nituen gure aita zenari esker, haren ingurukoak zirelako, eta baita familiaren enpresaren inguruan, Gráficas Valverderen inguruan ibiltzen zirelako. Gainera, nire izeba pianista zenez, musiko asko pasa ohi ziren etxetik.
Sei urterekin hasi zinen pianoa jotzen.
Ez dut gogoratzen aitaren edo amaren ekimena izan ote zen. Esango zuten: “Tipoa piano baten aurrean jarriko dugu eta zer edo zer egingo du”.
Izeba piano jolea izanda, xaxatzen zintuen?
Berez Madrilen bizi zen, baina uda partean etxera itzultzen zen. Izebak bere semeari, nire lehengusuari, jotzen irakatsi nahi izan zion eta pianoa jotzeko eskatzen zion. Orduan, lehengusua niregana etortzen zen eta bere ordez nik jotzeko eskatzen zidan, eta horrela engainatzen genuen izeba.
Aitaren bitartez jende asko ezagutu zenuen, baita Xabier Lete eta Lourdes Iriondo ere.
Gure familiak udara guztiak Oiartzunen pasatzen zituen. Nik Xabier txikitatik ezagutu nuen, zazpi eta hamaika urte bitartean herriko plazan elkarrekin ibiltzen ginen jolasean. Gerora, kantatzen hasiak zirela, Lourdes eta Xabier gure etxera etorri ziren, aita zenak egutegi batentzako argazki bat atera ziezaien. Gusanilloa edo sortu zitzaidan eta aitarekin Berara joan nintzen musika jaialdi batera. Bertan Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta beste hainbatek jo zuten. Orduan pentsatu nuen nik ere horrelako zerbait egin nezakeela eta halaxe hasi nintzen.
Pianoarekin beharrean, gitarrarekin hasi zinen.
Urte luzez ibili nintzen gitarrarekin. Xabierrekin hasi nintzenean berreskuratu nuen pianoa, hamabi edo hamalau urte geroago.
Kantuan ere berandu hasi zinen.
27 urterekin egin nuen nire lehenengo kantaldia.
Nola etorri zitzaizun kantatzeko grina?
Lasarteko mendizale elkarte batean kantatu nuen lehenengo aldiz. Gero, halako batean, Herri Gogoako Iñaki Beobide etorri zitzaidan disko bat grabatzeko aukera eskainiz, Urnietako La Salleko komentu handi horretan, Jaume Gratacós teknikariarekin. Disko kolektibo bat zen eta tartean niri ere abesteko aukera eskaini zidan. Baietz esan nion eta lau kantako EPa kaleratu genuen. Hortik aurrera berez atera zen dena.
‘Utsa’ deituriko EPa izango zen hura, ezta? Bertan ‘Utsa’ izeneko kantua ere badago, zure aitak Jorge Oteizaren zenbait pentsamenduri erantzunez idatzitako poema.
Musika ez zen nirea, Javier Aranbururena baizik.
Nolakoa zen Oteiza hurbilean?
Izugarria zen! Gizon oso intentsua zen. Batzuetan erraz haserretzen zen, baina oso gizon ona, eskuzabala eta beti laguntzeko prest zegoena. Dirurik ez zuenean, ez zuen dirurik banatzen baina, azken urteetan, diru asko izan zuen eta barra-barra banatzen zuen. Berarekin egotea oso atsegina zen. Tipo dibertigarria eta oso interesantea zen.
Euskal musikagintza modernoan aitzindaria izan zinen pianoa jotzen.
Hemengo kantarien artean bai. Gorka Knorri bere anaia batek laguntzen zion eta Oskarbik grabatutako diskoren batean ere badago pianoa, baina abeslari bat pianoaz lagundurik ez zen ohikoa. Ni izan nintzen lehenengoa.
Nolakoak izan ziren Lete eta Iriondorekin eman zenituen urteak? Faltan botako dituzu, noski.
Xabier, bereziki, harekin nuelako harreman handiagoa. Halere, Lourdes ere faltan botatzen dut. Oso urte interesanteak izan ziren. Xabierren konpainia oso aberasgarria zen, zentzu askotan. Elkarrekin ezin hobeto konpontzen ginen, sekula ez genuen arazorik eduki. Eta Lourdesekin ere ez. Euskal Herri osoan zehar ibili ginen, baita hemendik kanpo ere. Oso bidaia kurioso bat gogoratzen dut. Xabier eta biok Txiprera joan ginen, 1980. urtean edo izango zen. Pentsatu ezina da, baina horrela izan zen. Astebetez joan ginen hara, eta pare bat kantaldi eskaini genituen. Turismoa egiten ere aritu ginen.
Nolakoa zen Xabier Lete?
Fazeta asko zituen. Nahiko agintzailea zen (barre egin du). Oso buru argia zuen eta berak oso ondo zekien non zegoen, nora zihoan eta bere pentsamenduak nolakoak ziren. Askotan edo gehienetan, bere iritziekin ados egoten nintzen ni eta horrek asko laguntzen ninduen. Hartu-eman normalei buruz ari naiz. Musikagintzari dagokionean, zer esanik ez. Bera plaza-gizona zen eta berak hartzen zuen emanaldiak aurkezteko ardura.
Oskarbiko garaiez zer gogoratzen duzu?
Iñaki Maritxalarrek jotzen zuen gitarra, bikain, gainera, eta oraindik ere horrelaxe jarraitzen du; maisua da horretan. Baina zera gertatu zen, soldaduska egitera joan behar izan zuela. Eta horregatik deitu ninduten eta hasieratik, duda izpirik gabe, baiezkoa eman nien. Oso gustura ibili nintzen Oskarbirekin. Luis Romeroren figura ere oso maitea dut, gizon aparta zen, kantore ona eta taldea ondo gidatzen zuen.
Izatez, zuk Enpresaritza ikasi zenuen, ezta?
Gráficas Valverderen lekukoa hartzeko, Enpresaritza ikastera bidali ninduten, Deustuko ESTEra. Bost urteak egin eta gero familiako enpresara joan nintzen.
Bokazioa, ordea, musika zenuen.
Bai, baina musikaz bizitzea erraza ez zenez, ogibidea bestea nuen.
Zer izan da Antton Valverderentzat euskara?
Txikitan ez nekien euskaraz, ezta gure aitak ere. Aitak berroegita ez dakit zenbat urterekin ikasi zuen euskaraz. Bere ikasteko modua izan zen bere irakurketa guztiak utzi eta euskarazkoak bakarrik hartzea. Etxean denok behartu gintuen euskara ikastera eta, hasiera batean behintzat, obligaziotzat hartzen genuen. Gerora, piskanaka-piskanaka, euskal kulturaren munduan sartzen joan ahala, euskara eta musika izan dira nire bizitzaren zutabe nagusiak.
Euskara debekatua zegoen garaian egin zuen zuon aitak euskara ikasteko autua.
Elbira Zipitriarekin ikasi zuen, ia klandestinitatean. Pentsa ezazu, zertotik hasi eta Euskaltzaindiako kide izatera iritsi zen. Meritua badu.
Pianoari dagokionean, erabaki beharko bazenu zer hautatuko zenuke, musika klasikoa ala musika herrikoia?
Musika klasikoa, dudarik gabe. Ekainaren 21ean nire kontrario nagusiena Bruce Springsteen izango da (barre egin du). Asko gustatzen zait bere musika, baita beste askorena ere, baina ni musika klasikoarekin geratuko nintzateke. Antzinako musikarekin, bereziki, eta gaur egungoarekin gero eta gehiago. Halere, musika dodekafonikoa eta horrelakoak zailak egiten zaizkit oraindik ere, baina aurrekoak, Béla Bartók, esaterako, asko gustatzen zaizkit.
Nolakoa izango da Bruce Springsteeni aurre egiteko prestatuko duzun kontzertua?
Bruce Springsteen gaixoa damutua egongo da bere kontzertuak nirearekin kointzidituko duelako (barre egin du). Zer egingo diogu ba! Nire ibilbidearen ikuspegi bat izango da kontzertua. Hasierako kantuekin hasiko naiz, kronologikoki, eta gero gaia desberdinak aipatuz joko dugu. Ez dut oraindik erabat itxita.
Eta euskal herri musika gustuko duzu?
Kantak, noski. Azkue eta Aita Donostiaren kantutegiak oso ondo ezagutzen nituen. Beti aurkitzen dira gauza berriak. Kantutegi horiei beste buelta bat emango banie, ziur zerbait berriarekin egingo nuke topo. Nik bi musiko oso garrantzitsu ezagutu ditut nire bizitzan. Haurra nintzela, Jesús Guridi. Eta, gero, nire musika ikasketak bukatzeko, Francisco Escudero. Haren ikasle izan nintzen urte luzez armonian eta konposizioan.
Egungo euskal musikaririk jarraitzen duzu?
Bai, baina euskal kantautoretza, beste arte adierazpen asko bezala, erdi lotan dagoela iruditzen zait. Momentu txar batean gaudela uste dut. Duela 50 edo 60 urte, horrelako berpizkunde bat izan zen; ez bakarrik abeslarien artean, noski. Literatura ondo dagoela uste dut, asko egiten da, baina musikan, gauza berri askorik ez dagoela esango nuke. Rockeroak eta horrelakoak, bai; baina hori diferentea da.
Urte luzez eskaini diezu ahotsa eta musika euskal poetei.
Zerrenda bat egingo bagenu, zerrenda luze askoa aterako litzateke. Lauaxeta, Gandiaga, Lizardi, Joxe Anton Artze, Lourdes Iriondo... dozenaka ateratzen zaizkit. Orain asko ez dela bost euskal emakume poeten lanak ere musikatu nituen.
Egungo poetak jarraitzen dituzu?
Bai; alde batetik, beti zerbaiten bila eta, bestetik, gozatzeko. Momentu honetan bueltaka ari naiz, ez dakit ezer aterako den ala ez, Juan Kruz Igerabideren poesia batzuekin. Orain dela pare bat urte Karlos Linazasorok argitaratutako soneto liburu bat ere eskuartean dabilkit.
Diskoren batean pentsatzen ari al zara?
Ez, azkenekoa orain lau urte atera nuen eta hurrengoa egiteko materialik ez dut oraindik.