Antton Valverde musikariari egokitu zaio 2025eko Adarra Saria. Hala eman dute jakitera gaur, asteartearekin, Donostiako Kultura zinegotzi Jon Insaustik eta Donostia Kulturako Musika arloko Esther Fernandino teknikariak. Valverdek ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldez jasoko du Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra. Ondoren, Kontzertua eskainiko du, Francisco Herrero (biolina), Iván Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garcés (kontrabaxua) musikariak lagun dituela. “Kantagintzari asko zor diot”, esan du pianista donostiarrak, Adarra Saria jakitera emateko antolatutako prentsaurrekoan. Kantagintzari esker Euskal Herriko zazpi lurraldeak sakon ezagutzeko aukera izan duela esan du, baita lagun on eta leialak egiteko aukera ere. Horien artean, Xabier Lete, Imanol eta Karlos Gimenez gogora ekarri nahi izan ditu.
Insaustik, bere aldetik, pianistaren sei hamarkadako ibilbide “nekaezina” goraipatu du: “Bere eskutik ezagutu dugu gure poeta handien ahotsa; bere eskutik berpiztu dira herri kantak, bertso zaharrak eta amodio koplak; pianoaren dotoreziaz aberastu du gure kantagintza... Ez da kasualitatea, beraz, Adarra Saria jasotzea”.
Aurtengo honetan, Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako epaimahaiak izan du 2025eko Adarra Sariaren ebazteko ardura. Fernandinok azaldu duenez, tribunalari ez zaio asko kostatu erabakia hartzea, aintzat hartuta Valverdek zer nolako eragina izan duen “herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz”.
1960. hamarkadako Euskal Kantagintza Modernoaren orbitan kokatu behar ditugu musikariaren hastapenak. Hori bai, gitarra moda zegoen garaian, pianoa jotzea erabaki zuen Valverdek. “Ni neu ere harritu egiten naiz orain, pentsatzen dudanean zenbat kostatu zitzaidan pianoa hartzea”, aitortu du. Izatez, Valverdek formazio klasikoa du eta sei urterekin hasi zen pianoa jotzen.
Ez zen inoiz Ez Dok Amairuko kide izan, baina bertako partaideekin hainbat proiektuetan jardun zuen, Oskarbi taldean, adibidez. Aski ezaguna da Xabier Leterekin izandako hartu-emana –150etik gora kontzertu eskaini zituzten elkarrekin– eta, azaldu duenez, harekin hasi zen kontzertuetan pianoa jotzen.
Bere ibilbidean, bertsolari zaharren hitzak musikatu ditu, baita gaur egungo andrazko poeten hitzak ere.
1975. urtean argitaratu zuen bere bakarkako lan luzea eta handik hona beste dozena bat kaleratu ditu. Horietan askotariko estiloak landu ditu Valverdek: kontzeptualak eta eredu estandarrera egokitzen direnak.
Kontzertua
Adarra Saria ekainaren 21ean luzatuko zaio Valverderi. Ohi denez, egun horretan bertan, 19.30ean, kontzertua eskainiko du, Herrero, Carmona, Goikoetxea eta Garcesekin batera. Goikoetxeak adierazi duenez, oraindik ez omen dute egitaraua erabat itxi, horretan dabiltza. Ibilbide osoari zor ematen den aitortza izanik, garai guztietako kantuak jorratu beharko lituzketela uste du Goikoetxeak, Valverde, ordea, abesti berriak jotzearen alde agertu da. Biek egin dute barre. Kontzerturako sarrerak, Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean jarriko dira salgai bihar, asteazkenarekin.
‘Anttonologia’
Goikoetxeak azaldu duenez, Adarra Sariaren harira, Valverderen diskografiatik -hamahiru lan ditu argitaratuta- digitalizatu gabe dauden diskoak digitalizatzen ari da Elkar diskoetxea. Gerora ere, musikariaren lanen antologia bat argitaratzeko asmoa ere baduela gaineratu du akordeoi-jotzaileak. “Anttologia izango da”, txantxa eginez amaitu du Valverdek, bere umore-sena erakutsiz.