“Beyoncek bezala, nik ere nire ausazko hizkuntzan kantatzen dut”, esan du gaur, ostegunarekin, Ruper Orodikak Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eskuetatik Anton Abadia Saria jaso ondoren. Beti jostari eta harritu itxurak egiten aipatu du, beti “bitxia” iruditu zaiola norbaitek “maite duen langintzari esker” sari bat jasotzea. Sobera argudio daude, noski, Ordorikari aintzatespen bat edo beste egiteko. Oraingoan, ordea, Gipuzkoako Aldundiak bi urtean behin ematen duen Anton Abadia egokitu zaio, bere kantagintzarekin euskarari y eta euskal kantutegiari egindako ekarpenagatik, beti ere tradizioaren eta rock and rollaren doinuen artean dagoen “soro zabaletik” sortuz.
Hendaiako Abadia jauregiaren atarian egin beharreko ekitaldia, eguraldi aurreikuspenen eskasak zirela eta, Tabakalerako prisma espazioan gauzatu da azkenean. Bertan, Mendozaren laudorioekin hasi da “euskararen biziberritzean arrasto sakona utzi dutenen ibilbidea” goratzeko sortutako sari-ematea. “Euskara bidegurutzean” dagoela gaineratu du ahaldun nagusiak: “Bizi ditugun garai hauetan hizkuntzaren erabileran eragiten asmatu behar dugu, azken hamarkadetako biziberritzearen ondoren atzerapausorik bizi ez dezagun”.
Horretarako “lehen mailako” sorkuntza jarri du iparrean, Ordorikak jasotako sariaren bitartez sortzaile guztien lana “aitortzeko”.
Zentzu horretan, azken aldian “euskararen munduaren” piramidea buruz-bera jarri dela azaleratu du Ordorikak. Oinarri zabala goian dago orain, bere “teknikari, bitartekari, komunikabide, areto eta abarrekin”. Bertizea, aldiz, oinarria behar zukeen tokian dago, beherantz begira; aldiz, horren azpian daude “euskaraz sortu nahi duten eta duintasunez iraun ezinik dauden egileak”. “Guztion lana beharrezkoa izanik, ez ote da poliki-poliki piramidea eraldatzen hasteko unea?”, galdetu du koblakariak. Ordorikaren aburuz, “piramideak ez du orekarik eta sortzaileari behar duen tokia eman behar zaio”.
“Asmatutako sorpresa”
Saria luzatu aurretik, kantautore oñatiarraren hamaika abestiren izenekin jolasean jarraitu du bere laudatio-an Eider Mendozak, eta horrela egin dio bide Ordorikaren lagun eta kolaboratzaileek grabatutako bideoari. Bertan, Berandu dabiltza abestiaren doinupean eta kantuak iradokitzen dituen eszenak antzeztuz agertu dira pantaila handian, laranja koloreko lan-jantziz, besteak beste, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde, Harkaitz Cano, Fermin Etxegoien eta Aizpea Goenaga. Bideoaren proiekzioan, Maite Larburu hernaniar biolinista agertu da Tabakalerako prisman, hura ere lan-jantzi laranja soinean zuela, aldez aurretik grabatutako Ordorikaren ahotsaren gainean jo eta kantatuz. “Sorpresa asmatu” egin duela aitortu du Ordorikak, oholtza gainean zeuden tresnak ikusita, Larburu hor nonbait ibiliko zela antzemanda.
Oholtza berean, gitarra eskuan eta Xabi Etxeberri biolin jotzailearen eta Jose Kazabon dantzariaren laguntzaz, Zaindu maite duzun hori eta Izen zaharrak abestuz amaitu du Ordorikak esker oneko diskurtsoa.