Ruper Ordorika (Oñati, 1956) musikari eta abeslariak jasoko du aurtengo Abadia Saria, irailaren 12an, Hendaiako Abadia jauregian egingo den ekitaldian. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak konpositore oñatiarrak euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde lau hamarkadatan egindako ekarpen "oparo eta agortezina" sarituko du.

"Bere musika eta ahotsaren bidez, hainbat iturritatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du, unibertso propioa sortuz, beti euskaratik eta euskaraz. Une batetik bestera martxan dagoen ibilbide honek euskal hizkuntza eta kulturari, euskararen herriari berari, sormen eta kultura erreferente aberats eta ordezkaezina eskaintzea ahalbidetu du ", nabarmendu du Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak.

Hala, Ordorikak "euskal kantagintza berriaren lekukoa hartu eta lurralde berrietara eraman zuen, 80ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietan" eta, ordutik, "kantuaren eta rockaren arteko aukera zabalean, kantu eta melodia berri ugari eman dizkio euskarari", adierazi du.

Bakarka zein taldean, "rocka eta kantu tradizionala uztartu ditu, nazioarteko eta hemengo musikariekin elkarlanean aritu da, literaturarekin eta artearekin zubiak sortuz eta hainbat ekimen kulturaletan parte hartuz", azaldu du Mendizabalek.

Gaineratu duenez, "egin dituen proposamen esanguratsu eta berritzaileek, sormen prozesua eta hizkuntza bere lan guztietan zaindu eta aberasteko erakutsi duen grinak", Ruper Ordorika euskal kulturaren "erreferente nagusien" artean kokatzen dute azken hamarkadetan.

Abadia saria

Horregatik guztiagatik, Hizkuntza Berdintasunerako Foru Zuzendaritzak Abadia Saria Ruper Ordorikari ematea proposatu du, euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen "oparo eta agortezinagatik", eta hala berretsi du Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Saria emateko ekitaldia datorren irailaren 12an izango da, Hendaiako Abadia Jauregian bertan, sariari izena ematen dion zientzialari eta euskararen sustatzailearen omenez.

Ibilbidea

Ruper Ordorika Ezkurdia Oñatin jaio zen 1956an. Betidanik musikazalea, hamabi urterekin Gasteizera joan zen bizitzera. Arabako hiriburuan ikasle izan zen garaian eta, ondoren, Bilboko Unibertsitatean, hainbat ekimenetan parte hartu zuen, besteak beste, Pott Banda kolektiboaren sorreran. Han, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralde bezalako "lagunekin eta aurrerantzean harreman emankorra izango zutenekin" topo egin zuen.

Hautsi da anphora '(Xoxoa-Elkar, 1980) bere lehen diskoak oso kritika onak jaso zituen, nahiz eta "ordura arteko euskal kantagintzarekiko forma berriak jorratu". Disko hau Atxagaren (Pott, 1978) 'Etiopia' liburutik hartutako poemek osatzen zuten.

Ordutik, Ordorikak diskografia zabala eta askotarikoa garatu du Euskal Herriko eta nazioarteko musikariekin elkarlanean. Disko horietako asko Londresen, New Yorken edo Kuban egindako egonaldien eta euskal kantagintzaren arrastoaren eraginpean egindako lanak dira.

Bakarkako ibilbidearekin batera, 1994an Hiru Truku taldea sortu zuen, Bixente Martinez eta Joseba Tapiarekin batera, eta bertan kantu zaharrak interpretatzeko modu berriak landu zituen. 'Bakarka bi' da argitaratu duen azken lana eta bertan bere ibilbideko lan ezagunenetako batzuk eskaintzen ditu bakarka.

"Eredu adierazgarriak"

Mendizabalek iragarri duenez, edizio honetan, Abadia Sariak etapa berri bati ekingo dio, "sariari berari eta, beraz, saritzen diren balioei, eta publikoaren aintzatespenari garrantzia eta espiritu berri bat emateko".

Sari honek 25 edizio beteko ditu datorren urtean. Etapa berri bat da, Abadia Saria "are gehiago prestigiatzea" eta "garrantzi instituzional handiagoa" ematea bilatuko duena.

"Euskararen biziberritzean pertsona, proiektu eta elkarte eredugarriek egindako lana publikoki aitortuz, eredu adierazgarriak eskaintzen dizkiegu hizkuntzari berari eta hiztunen komunitateari", adierazi du Mendizabalek. Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza lanean ari da jada ideia edo xede berri hori taxutzeko araudian.

Anton Abadiak euskararen sustatzaile gisa egindako ekarpen nabarmena kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996an bere izena aukeratu zuen euskararen normalizazioaren aldeko lanetan pertsona edo elkarte nabarmenen lana aintzatesteko saria ezartzeko.

Ordutik, Abadia Saria bi urtean behin edo urtero eman da. Arrasate Euskaldun Dezagun, Dionisio Amundarain, Karmele Esnal, Juan Zelaia, Juanba Berasategi, Imanol Urbieta, Joxerra Gartzia, Ixa Taldea, Kike Amonarriz, Ibon Sarasola edo Arantxa Urretabizkaia dira saria jaso duten izenak. Azken bi edizioetan Fagor taldeak eta Garabide elkarteak euskararen alde egindako lana saritu da.