Forever antzezlanarekin Kulunka Teatrok bi Max sari jaso zituen atzo, astelehenarekin, Tenerifen ospatu zen sari-banaketan. Forever-ek lau izendapen jaso zituen, eta horien artean, Antzezlan onenaren kategorian ere hautagai izan zen. Zentro Daramatiko Nazionalaren Falsestuff. La muerte de las musas lanak ostu zion Kulunkari sari nagusia, baina konpainia hernaniarrak beste bi oso preziatu eskuratu ditu: Iñaki Rikartek irabazitako Eszena zuzendari onenaren Max saria, eta Rikartek berak, Garbiñe Insaustirekin, Edu Cárcamorekin eta José Daultekin batera, jasotako Antzerki-autoretza onenaren Max saria. Forever-ek lortutakoekin, hiru badira dagoeneko Kulunkak bere ibilbidean jasotako Max-ak, 2018an Solitudes obrarekin lortu baitzuen lehena.

Konpainiaren sortzaile Garbiñe Insausti pozaren pozez antzeman dugu telefonoaren beste aldean, gaur, asteartearekin. Komunikabide honen galderak irribarretsu erantzun ditu, Tenerifen hegazkina hartu eta Euskal Herrira itzuli baino pare bat ordu lehenago. “Oso sari ederrak jaso ditugu”, esan du Insaustik. Kategoria nagusiko garaikurra lortu ez izanak zertxobait penatu ditu, noski, baina lortutakoarekin, “ezin kexaka ibili”. Izendapenak lortu zituzten momentutik “oso pozik” sentitu zirela aipatu digu: “Max sarietan hautagai izatea kristorena da, eta lau sarietatik bi lortzea ez dago batere gaizki”.

Pozaz harago, ñabardura bat gehitu nahi izan du. Sariak eta aintzatespenak ondo daude, noski, baina “daukaten garrantzia eman behar zaie, ez gehiago”. Halakoek, alde batetik, “antzerkia bera” ospatzeko aukera ematen dutelako eta, bestetik, “lan gehiago edukitzeko” aukera izango dutela uste dutelako Kulunkako kideek, Forever-ek ikusgarritasun handia izan duelako. “Gure erronka egunerokoa da. Funtzio bat altxa eta hura mugitzea. Sariek horretarako balio badute, ongietorriak dira, noski, eta gu, pozik”, esan du Insaustik. 

Kulunka: konpainiaren bilakaera

Daultek eta Insaustik berak sortu zuten Kulunka Teatro 2010. urtean. Urte horietan guztietan sei ikuskizun eta 1.000 emanalditik gora eskaini dituzte 30 herrialdetan. Ikuskizun horietako batzuen zenbait ezaugarrik forma eman diote konpainia beraren nortasunari. Maskarak eta isiltasuna, horiek dira André & Dorine, Solitudes eta Forever antzezlanen bi zutoin oinarrizkoak. Forever-ekin, ordea, inoiz baino gehiago arriskatu dutela iruditzen zaio Insaustiri. “Nolabaiteko salto bat izanda”, zentzu zabalean: dramaturgiari dagokionez, teknikoki, aurrekontuaren aldetik, baita koprodukzioaren ikuspegitik ere, –Kulunkak Zentro Dramatiko Nazionalarekin eta Arriaga Antzokiaren laguntzaz lortu du obrak aurrera egitea–.

Sorkuntza-prozesuari dagokionean ere, “erronka handia” izan da. Bi urte luzez aritu ziren pieza honekin lanean. Entseguak, pentsa, zortzi hilabetez luzatu ziren: “Oso garai biziak izan ziren”.

Biziak bai, eta “politak ere bai”. Sortze-prozesurako denbora hori guztia baliatu ahal izanagatik, “zortedun sentitzen” direla onartu du Insaustik, Forever bezalako ikuskizun bat ezin baita ohiko 45 egunekin soilik antzokira eraman, “inolaz ere”. “Ikuspegi artistikoa eta behar genuena lehenetsi egin ditugu”, dio.

Hein batean, ahalegin artistiko hori nabarmendu nahi izan diete Max-etan, dramaturgiaren autoretza konpartitua sarituz. “Hori bereziki polita izan da. Gu lauok ordu asko pasa ditugu elkarrekin lanean. Ia 15 urte daramagu honetan. Ilusio berezia egin digu sari horrek, Forever-en atzean dagoen ikaragarrizko lana goraipatzen duelako”, esan du. Are gehiago, hitzik gabeko dramaturgia bat saritu izanak, “begiradak zabaldu” egiten dituela uste du, “beste lengoaia batzuk besarkatuz”.

Forever’

Maskarek aktoreen keinuak ezkutatzen dituztelarik, antzezlan mutua da Forever. Beste behin, familia bat du ardatz obrak, izan zitekeena edo bere garaian amestu zena eta errealitatean dena aurrez aurre jartzen ditu. “Gure antzezlanak ezagutzen ez dituenarentzat deskubrimendu ederra izan daitekeela uste dut. Hizkuntza aldetik oso desberdina da, baina kontatzen dugun istorioa erabat unibertsala da eta publikoa berehala murgiltzen da antzezlanean”, esanez amaitu du.