Crossover, Telesailen Kultura Jaialdia, pasa den larunbatean amaitu ondoren, seigarren edizio honen balantzea “oso positiboa” izan dela adierazi du ostiral honetan ekitaldi horren antolatzaile nagusi den Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guztira, 22 saio eta 60 gonbidatu izan dira aurtengoan, “edizio hau inflexio puntu bihurtu dutenak”, foru Gobernuaren esanetan. Are gehiago, “Crossoverrek bere presentzia sendotu egin du eta erreferentziazko hitzordu bihurtu da telesailen kultura aztertzen duten formatuen eremuan”, azpimarratu dute.

Jaialdiak hainbat berrikuntza izan ditu 2023ko edizioan. Esaterako, Ikusle Gonbidatua atala estreinatu da; bertan, kulturako hainbat arlotako pertsonek telesailekin duten harremanari buruz solasean aritu dira hitzaldi-kafe modukoetan. Harkaitz Cano idazleak, Iratxe Fresneda zinemagileak, Lide Hernando musikariak eta Enric Albero zinema zuzendariak inauguratu dute sail berri hori.

Bestalde, sukaldaritzari dagokionez, Gourmet Telesailak atala ere sortu da jaialdian, Basque Culinary Centerren laguntzarekin. Gastronomia eta telesailak uztartzeko proposamena bi formatuk osatu dute: alde batetik, afari-solasaldiak, Laura eta Alberto Caballeroren eskutik; bestetik, aperitiboa, Jorge Bretón eta Sasha Correak gidatuta. Biek ala biek “harrera bikaina izan” dutela jakinarazi dute Aldundiko ordezkariek.

Ez dira soilik atal berriak izan arrakasta izan dutenak, ordea, ohikoen balantzea ere oso positiboa izan baita. Koldo Mitxelena Kulturunean gauzaturiko Elkarrizketak sailak, adibidez, “aretoa bete-bete egin zuen”, adierazi dute antolatzaileek.

Lau saio nabarmendu nahi izan zituzten: Borja Cobeagak eta Diego San Josek, Gorka Otxoa, Esty Quesada eta Vaya Semanitako beste kide batzuekin batera eskainitakoa; María Redondo eta Nahia Sillero aktoreek gazteei zuzenduriko telesailen ingurukoa; Ibon Martin idazlearen eta Jon Udakiola Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko buruaren arteko solasaldia, krimenaren munduko errealitatea eta fikzioa uztartu zituena; eta Bob Popi eginiko elkarrizketa, gorputz normatibo eta ez normatiboak pantailetan nola ikuskatzen diren azaldu zuena.

Estreinaldiak atala ere gauzatu da aurtengoan. Bere “puntu gorena” Rapa telesailaren bigarren denboraldiaren aurkezpena izan zela aipatu dute Aldundiko arduradunek; bertan izan ziren, gainera, Javier Cámara eta Mónica López, fikzio horretako aktore protagonistak.

Guzti horiez gain, beste topaketa batzuk ere azpimarratzeko moduak izan dira. Koldo Mitxelena Kulturuneari dagokionez, Nacho telesaileko Miriam Giovanelli eta Maria de Nati antzezleek Teresa Fernández Valdesekin batera eginikoa; eta Joana eta Mireia Vilapuig eta Bárbara Farrerena, Selftape telesaileko protagonista eta zuzendariarena, hurrenez hurren. Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategian, berriz, Autodefentsa fikzioko Berta Prieko aktorearekin solasean aritzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoek.