Donostian ospatuko den Crossover jaialdia martxoaren 27tik apirilaren 1era izango da. Datorren edizio berria aurkeztu zuten atzo Maria Jose Telleria Kulturako foru diputatuak, Patxi Presa jaialdiaren zuzendariak eta Jon Paul Arroyo Kultur Faktoryko arduradunak.

Martxoaren 28an, Movistar Plus taldearen Rapa telesailaren bigarren denboraldiaren estreinaldia izango da Tabakaleran, Javier Cámara eta Monica López protagonistek aurkeztuta. Hurrengo egunean, hilaren 29an, Selftape-ren aurrerapena erakutsiko dute Joana eta Mireia Vilapuig aktore nagusien eskutik.

Horiez gain, gerra hotzaren garaiko Errumanian eta Alemaniako Errepublika Demokratiko zaharrean gara-tzen den HBO Max plataformaren Spy/Master telesailaren estreinaldia ere eskainiko da jaialdian.

Crossoverren proiektatuko da, baita ere, Bosé telesailaren hirugarren atala, kantariak Julio Iglesiasekin izan zuen harremanean oinarritzen dena. Emanaldian bertan izango dira Jose Pastor protagonista eta Isabel Vázquez gidoilaria.

Solasaldiak 27an hasiko dira Borja Cobeaga eta Diego San Josérekin. Sortzaile bikote horrek 20 urte bete dituela ospatzeko Koldo Mitxelena Kulturunean izango dira Esty Quesada youtuberrarekin batera, EITBko Vaya Semanita saio entzutetsua omenduz.

Hurrengo egunean, María Redondok eta Nahia Sillerok gaztaroan pentsatutako telesailei buruz hitz egingo dute; eta martxoaren 29an, Gaizka Izagirre, Eider Saez, Ibai Zabala eta Olaia Urtiaga historiako titulu onenen inguruan ados jartzen ahaleginduko dira.

Genero beltza izango da asteazkeneko jardunaldiaren ardatza. Ibon Martin eleberrigilea eta Jon Udakiola Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzu burua izango dira solaskide, krimenaren fikzioa eta errealitatea hizpide izango dutelarik.

Nacho Vidal aktore pornoan oinarritutako Nachoren protagonista diren María de Nati eta Miriam Giovanellik sexu eszenak nola filmatzen diren argitzen saiatuko dira; eta hilaren 30ean, ostegunarekin, Berta Prieto aktoreak eta Jaume Ripoll Filmin-eko zuzendari editorialak Autodefensaren sortze-prozesua xehetuko dute.

Telesailen “arkitektura ezinezkoak” aztertuko dituzte, aldiz, Pedro Torrijos eta Ekain Odriozola arkitektoek, Alberto Rey telebista-kritikariarekin.

Bestalde, Adriana Izquierdo, Belen Prieto, Mikel Sánchez eta Alex Pruñonosa aurrez aurre arituko dira “serieen batailan”, El señor de los anillos: Los anillos del poder eta La casa del dragón defendatzeko ahaleginean.

Aurten Ikusle gonbidatua izeneko sail berri bat sortu da. Bertan, kulturaren munduko hainbat sortzailek hitz egingo dute, ikusletzat gustukoen dituzten telesailei buruz: Harkaitz Cano idazlea, Lide Hernando Liher taldeko abeslaria, Iratxe Fresneda zinemagilea eta Enric Albero kritikaria izango dira, besteak beste.

Aurten estreinatuko den beste atal bat Series Gourmet izango da. Alberto eta Laura Caballero anaiek, Aquí no hay quien viva eta La que se avecina bezalako fenomenoen eta estreinatu berri den Machos Alfaren sor-tzaileek, telesailei buruz hitz egingo dute Convent Gardenen afari bat dastatzen duten bitartean.

Larunbatean Tabakalerako LABera lekualdatuko da Crossover, telesailen eta gastronomiaren arteko loturaz hitz egiteko. l