Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Editoreen Elkartearen laguntzarekin, Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeek bat egin dute, Xabier Leteren poesia eta abestiak bildu eta “publiko orokorraren” gozamenerako berauek “argitu” eta mimoz egindako edizio batean kaleratzeko. Ahaldun nagusi Markel Olanok, bost argitaletxeen izenean hitz egin duen Xabier Mendigurenek eta lan honen ardura hartu duten EHUko irakasle eta ikerlari Lourdes Otaegik eta Alex Gurrutxagak gaur goizean, ostegunarekin, Xabier Lete. Poema eta abesti guztiak osatzen duten hiru liburukien kutxa aurkeztu dute foru jauregian. 

Olanok gogoratu du Lete eta Aldundiaren arteko lotura estua. Izan ere, Kultura diputatu izan zen 80. hamarkadan; bi urtetan behin Aldundiak artistaren izena daraman poesia lehiaketa antolatzen du eta, gainera, 2016. urtetik Leteren funtsak gorde eta zaintzen ditu. “Artxibategi hori gabe aurkezten dugun lan hau aurrera eramatea ezinezkoa izango zen”, adierazi du Otaegik, erakundeei bere esker ona adieraziz.

Igandean olerkari eta poeta oiartzuarra hil zela hamabi urte beteko dira. Bere obra osoa biltzeko proiektuaren ideia, aldiz, orain dela bi urte sortu zen, Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenaren bueltan. Aurkeztutako bilduma egilearen poesiaren “ondran eta alabantzan” egin dute Otaegik eta Gurrutxagak. Bilduma ez dela zerotik sortu gaineratu dute. Aitzitik, autore gipuzkoarraren lana sakonean aztertua izan da, ikerlan ezberdinetan. Horien artean Gurrutxagaren lana azpimarragarria da, berak idatzi baitzuen Xabier Leteren poetika; aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa doktorego tesia. Aurretik, halere, badira Jose Angel Irigaraik eta Joserra Gartziak, besteak beste, sinatutako testu akademikoak. Horren guztiaren “fruitua” jasotze aldera, Otaegik eta Gurrutxagak 100 orrialde baino gehiagoko hitzaurrea prestatu dute edizio honetarako.

Ez dadila irakurlea beldurtu, bildumak ikerlarientzat erakargarriak diren zenbait ezaugarri baditu ere, edizioaren prestatzaileek “publiko orokorra” izan dute beti buruan. “Ez da adituentzako edizio kritiko bat. Serioa bada, baina irakurle orokorrarentzat egina da. Gure belaunaldietan oso presentea izan den egilea izan arren, transmisiorako oso beharrezkoak dira edizio argituak eta gurea horietako bat da”, azaldu du Otaegik. 

Edizio “argitu” honetan, aipatutako hitzaurreaz gainera, poema edo abesti asko oin-oharrez lagundu dituzte, bakoitzaren zentzu eta testuingurua ulerterraza egiteko: “Euskaldun guztion ondarea den Leteren poesia hau dastatu, ezagutu eta disfrutatu ahal izango dugu honen bitartez”.

Xabier Lete, mitoa

Herri “bizi” batek mitoak behar dituela defenditu du Mendigurenek eta, zentzu horretan, Ez Dok Amairuko partaidearen figurak “kategoria” hori hartu duela esan du, “giza bizitzaren korapiloak norbere larruan sentiarazteko gaitasun horrengatik, gai sakonenak hurbil egiteko dohain harrigarri horrengatik, bere karisma izugarri horrengatik”. Xabier Letek, gaur ere, “itsasargi baten distiraz egiten du argi gaurik ilunenean ere”.

Bost argitaletxeek ia mila orrialdeko lana ondu dute, 50 urteetako euskal kulturan funtsezko ahotsa izan denaren ondarea jaso eta, “itsasargi” hura itzal ez dadin eta berau transmititzeko helburuarekin: “Guretzat poza eta ohorea da Xabier Leteren obra poetiko osoaren argitaratzean parte hartzea, obraren edertasun eta kalitatearengatik, baita egileak euskaldun guztion memoria kolektiboan duen leku nabarmenarengatik ere”. Transmisio behar horretan, editoreak 40 urtetik behera dituzten euskaldunak jopuntuan jarri ditu, haien artean Leterekiko miresmena, gainontzeko belaunaldiekin alderatuta, “apalagoa” baita: “Alde batetik, normala da. Nork bere garaian ezagutu izan duena miretsi dezake eta ezagutzen ez dena ezin maitatu".