Alex Gurrutxagak eta Lourdes Otaegik hiru liburukietan bildu dituzte Xabier Leteren poema eta abesti guztiak, Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeek elkarlanean kaleratutako kutxa dotore batean. Lehenengo liburukiak, egile oiartzuarraren lehenengo hiru poesia liburuak jasotzen ditu, 1968tik 1981era argitaratu zituenak. 

Bigarren alean, aldiz, Leteren “obrarik beteena eta helduena dago”. 1990 eta 2008 urteen bitartean kaleratutako azken hiru poema-liburu bildu dituzte, horien artean, Euskadi saria irabazi zuen Egunsentiaren esku izoztuak lan “bikaina”. Lehen bi liburukiek Leteren idazkerak 50 urtez izan duen bilakaera dute ardatz, filosofiaren, hizkuntzaren eta, batez ere, estetikaren ikuspegitik. Irakurleari ulergarri egiteko, editoreek oin-ohar “argigarriz” josi dituzte poemak.

Bestalde, hirugarren liburukiak dakartza nobedade gehien: Leteren funtsetik berreskuratutako poema solteez gain –hainbat aldizkarietan publikatu baina liburuetan jaso ez zituenak–, argitaragabeko bi poema-sail eta Leteren “beste aurpegi bat” erakusten duten hainbat abesti eta poemen itzulpenak ere landu dituzte. “Gure ustez hirugarren honek balio erantsi nabarmena ematen dio edizioari”, esan du Gurrutxagak, gaur, ostegunarekin, Gipuzkoako foru jauregian egindako prentsa-aurrekoan.

Berreskuratutako poema-sailen artean, 1968ko Arrastoa eta itzala izeneko bat topatu dute eta 1976rako prest zeukan Itsaso eragotziaren kanta gogoetatsuak. Azken honen inguruan, Gurrutxagak esan du “oso ederra dela” eta bertan egileak bere kezka estetikoak, sozio-politikoak, kulturalak eta ekologikoak bildu zituela. “Uste dugu irakurleak benetan eskertuko duela poema liburu hau ere”, esan du. 

Xabier Leteren abestiak

“Lete ezin da partzialki ulertu, hori da bere berezitasunetako bat. Ez dago Lete poeta ulertzerik, Lete abeslaririk gabe, eta alderantziz”, aipatu du ikertzaileak. Horregatik, bere poesia eta bere abestiak parez pare jarri dituzte. Kantuei dagokienean, kronologikoki antolatu eta haien jatorria –disko, kontzertu...– zehaztu dute.