Xabier Lete bat eta kontrakoa, eta bere kontrakoaren kontrakoa izatera iritsi zen bere konplexutasunean”. Horrela uste du, behintzat, Alex Gurrutxaga EHUko irakasleak. Lourdes Otaegirekin batera oiartzuarraren poema eta abesti guztiak edizio landu batean bildu ditu, egilearen argi-ilunak saihestu gabe. 

2017. urtean Koldo Izagirrek Elurra ikusi dut antologiaren epilogoan argi hitz egin zuen: Letek Rainer Maria Rilke eta Carles Ribaren zenbait poema plagiatu zituen. Otaegik eta Gurrutxagak plagioaren kontua ere landu dute: “Aski ezaguna da Letek bereak ez ziren testu batzuk beretzat hartu zituela”, azaldu dute editoreek, gaur, ostegunarekin, foru jauregian eman den aurkezpenean. “Ez dugu ezer ezkutatu, geneukan informazio guztia gehitu dugu”, esan du Gurrutxagak. Azalpen horiek bildumako hitzaurrean eman dituzte.

Ez hori bakarrik. Bigarren alean jasotzen dira poema horiek eta editoreek hartu duten autua izan da bakoitzean oin-oharren bitartez haien jatorria zehaztea: “Pentsatzen dut, agian, liburua hartzen duen norbaitek argibide gehiago izan ditzakeela abesti edo poema gehiagori buruz ere. Zerbait berria ere ager liteke. Guk geneukan guztia jarri dugu”.

Aurretik ere, oiartzuarraren lanen inguruan egindako zenbait ikerketa akademikoek ezbaian dauden poemak aztertuak zituzten. Abestien, kasuan, aldiz, Otaegik eta Gurrutxagak guztiak banan-banan entzun behar izan dituzte eta Joxan Goikoetxearen laguntzarekin, “han eta hemen”, haien jatorria identifikatzen saiatu dira. “Oso ohikoa izan zen 60. hamarkadan kantari frantsesen doinuak hartzea. Ez Leteren kasuan bakarrik, garaiko jende pilo batek egin zuen. Oraindik, agian, norbaitek argibide berrik emango du”, dio Gurrutxagak.