“Inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik”. Horrela dio Pello Lizarraldek idatzitako Sastraka/Maleza liburuaren lehen pasarteak. Eta hori da, hain zuzen ere, idazleak berak, Jose Ignazio Agorreta margolariarekin, Imanol Ubeda musikariarekin eta Imanol Rayo zinemagilearekin egin nahi izan dutena, hots, nostalgia desmitifikatzearen bidean, malenkonia albo batera uztea. Lau sortzaile hauek Donostiako Ernest Lluch kultur etxean bildu dira gaur, ostiralez, Sastraka/Maleza erakusketa eta handik eratorritako artista-liburua aurkezteko. Jende aurreko aurkezpena, aldiz, gaur arratsaldean izango da.

“Inoiz ez dago inora itzultzerik, baina itzuli egin behar da hori jakiteko”, esan du Lizarraldek. Aurkeztu duten lan kolektibo hau, beraz, “ezinezko bidaia bat da”. Sortzaile bakoitzak bere bidea hartu du lana gauzatzeko garaian, baina laurek ideia horri bueltaka ibili dira. Lehen inpultsoa Lizarralde eta Agorretaren elkarlanetik sortu zen. Idazle zumarragarrak Sastraka/Maleza izenpean bildutako hogeita lau pasarte idatzi zituen (hamabi euskaraz eta beste hainbeste gaztelaniaz) eta margolari nafarrari pasa zizkion idatzi horiek koadro bat edo bi inspira zitzaten. Lizarralderen hitzak, ordea, askoz emankorragoak izan ziren.

“Lagunen arteko elkarlaneko” emari bezala deskribatu dute bai Ernest Lluch-eko erakusketa -aurten Iruñean eta Gasteizen ere ikusi ahal izan da-, baita Ereinek argitaratu duen liburua ere. Aurrez pentsatutako “proiektua” baino, “hazten joan den lana” dela esan dute. Lizarraldek idatzitako 24 testuez gain, Agorretak beste hainbeste koadro margotu ditu; Ubedak, bere aldetik, hamabi abestietako diskoa grabatu du Don Inorrez taldearekin. Imanol Rayok, azkenik, testuak iradokitzen zioenarekin 36 argazki egin ditu. Liburuan bata bestearen atzetik aurkeztu dira; erakusketan, ordea, tartekatu egin dira, diziplinen arteko elkarrizketa sortuz.

Lizarralderen testuak oinarri, Agorretak 27 koadro margotu ditu. Arnaitz Rubio

Agorreta eta Lizarralde lagun zaharrak dira. Lehenengoak margotu ditu azken hamabost urteetan bigarrenaren liburuen azalak. Baina margolaria ez da euskalduna eta inoiz ezin izan ditu idazlearen testuak irakurri, Sastraka/Maleza idatzi zuen arte: “Sastrakaren atzean ez dago egitasmo bat, ez da guztion artean ondutako ideia orokor bat. Beste zerbaiten ondorio bat da, adiskidetasunak eta konplizitateak eragindako zerbait”. 2019ko udan zumarragarrak nafarrari testuak bidali zizkionean ez zuen itxaropen handirik, ez zuen uste kolaborazio berri horretatik ezer berezirik sortuko zenik. Hain zuzen ere, Agorretak leku itxiak landu izan ditu -gela itxiak, lantoki abandonatuak, etab- bere margolanetan. “Sastraka idatzi nuenean uste nuen berari oso ohikoak ez zitzaizkion lekuetara jotzea behartuko zuela eta horregatik ez nuen uste berehala deituko zidanik izugarri gustatu zitzaiola esateko”, azaldu du Lizarraldek.

“Pelloren testuek hunkitu egin ninduten”, esan du Agorretak. Ez hori bakarrik, munduari begiratzeko modua ere aldatu zitzaiola aitortu du. Ondorioz, bere inspirazio iturri ziren lekuetan beste irudi batzuk imajinatzen hasi zen: “24 koadro margotuko nituela esan nionean zur eta lur geratu zen Pello”. “Inoiz ez nuen paisaiarik margotu; zalantza askorekin hasi nuen lana, baina beldur horrek mesederako izan zitzaidan energia berria eman zidan. Lauzpabost koadro margotuta nituela Pello estudiora etorri zen eta gustuko zituela ikustean lasaitu ederra hartu nuen”, azaldu du.

Musika eta argazkiak

Zortzi bat koadro bukatuta zituela, Agorretak beste lagun bat gonbidatzea proposatu zuen, hark ere bizitza propioa zuen sorkuntza prozesu horretan “disfruta” zezan. Lizarralde, Agorreta eta Imanol Ubeda, aurretik, single batean elkarrekin lan egindakoak ziren eta hain oroitzapen onak gordetzen zituztenez Ubedari gonbita luzatu zioten berriz ere. “Ilusioarekin hartu nuen, Pello eta José Ignacio lagunak ditudalako, baina, bereziki, miresten ditudalako. Ohore handia izan zen niretzat, baita ardura ere”, dio abeslariak. Lizarralderen testuari heldu zionean konturatu zen idazleak testu narratibo bat sortu zuela, alegia, “hor ez zegoela abestirik”. Testuaren lehen esaldiaren eta azkenaren ildotik bi kanta sortu zituen. Gerora, hamabi atal zirenez, beste hainbeste kantu sortzea erabaki zuen. Diskoa liburuarekin batera saltzen da eta Ubedak berak, gainera, urriaren 21ean, Jon Eskisabel kazetariaren eskutik, zenbait abesti joko ditu zuzenean Ernest Lluch-en bertan.

'Sastraka' erakusketa azaroaren 18ra arte ikusgai egongo da Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Arnaitz Rubio

Imanol Rayok, bere aldetik, Lizarralderen testuen beste irakurketa bat egin du, beste toki batetik begiratu dio Sastrakari. Idazlearen hitzek Almadengo herria oroitarazi zioten Hil kanpaiak pelikulako zuzendariari. Almaden (Gaztela-Mantxa) Rayoren aitaren sorlekua da. “Pelloren testuek badute iraganera itzultzearen gabeziaren inguruko esentzia handi hori”, azaldu du Rayok, gerora gehitzeko “elementu anti-nostalgiko” horrek inspiratu egin zuela. Bere proposamena izan omen zen “pelikula bat ez egitea baina, era berean, pelikula berezi bat egitea”. Horretarako, film baten elementuak deskonposatu ditu -irudiak alde batetik eta soinua, kilker hotsak, bestetik- eta horiekin proposatu zuen nostalgiaren ezlekuetarako bere ibilbide propioa.