- Liburu Azokanren edizio berri hau pandemiaren aurretik baino “salmenta hobea izateko itxaropenarekin” abiatuko da, osasun-krisiaren garaian herritarren artean irakurzaletasuna areagotu egin delako.

Asier Muniategi Euskadiko Liburu Ganberako azoken koordina-tzaileak hala aitortu zuen Donostiako hitzorduaren aurkezpenean, Jose Agustin Iturri elkarteko presidentea eta Arantza Urkia Donostia Kulturako liburutegi-zerbi-tzuko zuzendaria ondoan zituela.

Uztailaren 4ra bitartean Gipuzkoa plazan erakutsiko diren liburuekin “liluratzeko” gonbita egin zien Muniategik herritarrei, bide batez salmenta-prezioaren %10eko deskontua baliatuz.

Besteak beste, Artea, Haizea eta Kaxilda liburu-dendek eta Txalaparta, Erein, Pamiela, Imagica eta Irreverentes argitaletxeek beteko dituzte azokako etxolak. Iaz, Covid-19a pairatzen ari ginela, Euskadin egindako lehenengo azoka bihurtu zenean egondako stand kopuru berdintsua izango da aurten ere.

Liburu aurkezpenak izango dira edizio honetako jarduera osagarri nagusiak, eta Liburutegi Nagusiko aretoetan eta Kaxilda liburudendan izango dira. Lehena datorren astelehenean bertan eskainiko du Miguel Usabiaga idazleak. Maillot Rojo liburuan txirrindularitza eta memoria historikoa aztertzen ditu, eta, besteak beste, Eddy Merckxi autografo bat eskatzerakoan izandako esperientzia kontatzen du.

Mikel Antza ETAko buruzagi ohiak Arroz Urez aurkeztuko du egun horretan bertan, arratsaldez; eta asteartean Amelia Serrallerrek konfinamenduaren inguruko Requiem y Marmitako erakutsiko du, eta Shu Oterok bere Voces de Chimalpopoca.

Joxemari Iturraldek Udaberria sutan bere azken liburuaz hitz egingo du asteazkenean, eta Laura Latorrek egun berean aurkeztuko du Conjugar el amor. Aurkezpenak osteguenan amaituko dira, salmenta handieneko generoetakoa den nobela beltza edo poliziakoaren aurkezpen bikoitzarekin.

Liburuak sinatzen egongo direnen artean aipatu, Adur Raita bertan izango dela bere Para que el mundo sea de los lobos lanarekin, Elena Fernández La chica de los grilletes-ekin eta José Javier Abasolo Versión original liburuarekin, besteak beste.