- Nolakoa izan da fikziozko podkast bat grabatzearen esperientzia?

-Sekulakoa. Guztiz berria niretzat. Entzunezko fikziorik ez nuen aurrez inoiz egin. Sekulako eskola izan da, gorputzean zenbat oinarritzen garen jakiteko.

Oso desberdina izango da ahotsarekin bakarrik antzeztea?

-Oso desberdina. Guztiz. Nik pentsatzen nuen antzezterakoan %50 gorputzean oinarritzen zela eta beste %50, ahotsean. Konturatu naiz, orain arte, antzezterako garaian gorputzean %80 edo oinarritzen nintzela. Oreka hori aurkitu behar izan dugu. Halere, grabazio estudioan gorputza ere erabili dugu. Pertsonaiaren edo eszenaren mugimenduak imitatzen saiatu gara, horren bitartez ahotsari intentzioa emateko.

Oreka hori lortzea kosta egin al zaizu?

-Pixka bat kostatu zitzaidan. Anartz Zuazua izan dugu antzezle zuzendari lanetan eta eskerrak berak bideratu gaituen. Aurretik gutako inork ez baitzuen horrelako ezer egin, ezta Ulu Mediakoek ere. Horrek ere lasaitasuna eman zidan (barreak). Denak berriak izan gara honetan. Hasiera batean kezka izan zitekeena, lagungarri ere izan da, guztiok elkarrekin egin dugulako bide berria. Askotan, buruan zenuen intentzioa ahotsarekin adierazten ari zinela uste zenuen baina gero berriro entzutean, ez zen zuk uste bezala. Errepikatuz eta errepikatuz unibertso hori sortzea lortu dugu. Egia da posprodukzioak eta soinuak ikaragarri lagundu duela. Artxipelagoa izugarrizko profesionalez inguratua dago eta hori eskertu egiten da.

Ahotsarekin beste guztia ordeztu behar duzu.

-Ahotsa soilik daukazu. Eta ahotsa diodanean, arnasketaz ari naiz, baita hitz egiteko modu ezberdinez ere. Matiz eta ñabardurak hor zeuden.

Zer pentsatu zenuen proiektua iritsi zitzaizunean? Zerk erakarri zintuen?

-Nolabaiteko bertigo bat sentitu nuen. Ez dut esango beldurra zenik, beldurrari zentzu negatiboa eransten diogulako. Nik bertigo moduko hori sentitzen dudanean, proiektuaren alde egiteko apustu bezala sentitzen dut. Ohituta nagoena egitetik urrutiratzen nautenean, nire buruari esaten diot Hau diferentea da, hau egin nahi dut. Bertigo hori sentitu orduko jakin nuen proiektua egin nahi nuela.

Nolakoa da Jare, zure pertsonaia?

-Neska gazte bat da, oso pertsonaia borrokalaria, lehenengo esanarekin konformatzen ez dena, berak uste duen egiaren atzetik doana. Lehenengo momentutik liluratu ninduen pertsonaiak, besteekin nola erlazionatzen den, nola hitz egiten duen. Karisma berezi bat dauka, pertsonaia magnetikoa da. Oso ondo idatzita dago.

Entzunezko fikzio hauek euskal antzezleentzako aukera berriak al dira?

-Dudarik gabe. Aspaldian esana nuen fikzioa egin nahi nuela. Azkenaldian entretenimenduan aritu naiz gehiago. Proiektua iritsi zitzaidanean, fikzioa egiteko eta fikzio ezberdin bat egiteko kristoren aukera zela ikusi nuen. Honek funtzionatzen badu eta aurrera egiten badu, euskal aktoreentzat leiho berri bat izango da.