- Donostia Kulturak eta Donostiako Euskara Zerbitzuak Bilintxen Menda izeneko hamabostaldia antolatu dute Indalezio Bizkarrondo Bilintxen jaiotzaren 190. urteurrenean, bertsolari donostiarraren jardunaren "usainarekin" lurrindutako egitarauarekin. Hiriburuko Kultura zinegotzi Jon Insaustik, ez ohiko hamabostaldiaren koordinatzaile Xabier Euzkitze, eta Alaia Martin eta Imanol Lazkano bertsolariekin batera aurkeztu zituen atzo, maiatzaren 2tik 14ra bitartean Antzoki Zaharrean, Victoria Eugeniako Club aretoan, Okendo kultur etxean eta Imanol Larzabal aretoan egingo diren lau ekitaldiak.

Bertsolarientzat Gipuzkoako hiriburua historikoki plaza garrantzi-tsua izan dela gogora ekarri zuen Insaustik, XIX. mendeko Lore Jokoetatik hasi eta gaurdaino. "Bertsolarientzat eta bertso-zaleentzat, Donostia beti izan da garrantzia handiko plaza", gehitu zuen Euzkitzek.

Azken hamarkadan, ordea, bertsolaritzarekin zerikusia zuten bi hitzordu galdu ditu. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, jada, ez baita Antonio Elorza belodromoan ospatzen, Barakaldoko BECen baizik. Ez hori bakarrik: Bertsolari Egunak ekimena ibiltari bihurtu zenean, Donostian egiteari utzi zitzaion. Pandemiaren ondorioz ohiko saioak eta txapelketak atzeratu diren garai hauetan, Bilintxen Mendak, alde batetik, hiriaren plaza izaera aldarrikatu nahi du eta, bestetik, bertsoari "beste zirrikitu bat" ireki nahi izan dio.

Horretarako, maiatzeko lehen bi asteetan lau ekitaldi antolatu dituzte "bertsolaritzak hirian izan duen bilakaera" aztertzeko. Maiatzaren 2an hasiko da programa Bilintxen Menda deituriko hitzaldi musikatuarekin. Bertan, Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallusek Bizkarrondoren bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte; gainera, Bilintxen zenbait bertso ere kantatuko dituzte Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio lagun dituztela.

Antzoki Zaharreko langile izandako bertsolariak familia kanpotarra zuen. Horregatik, maiatzaren 6an ospatutako mahai-inguruak hari horri egingo dio tira. Erdaretatik Bertsotara saioak sustraiak atzerrian dituzten hiru lagunek, Jone Uriak, Jon Maiak eta Aitor Servierrek, plazara egindako saltoa izango du hizpide. "Etorkinen seme bat, etxeko sukaldean euskararik jaso ez duen gazte bat eta guraso euskaldun berrien alaba bat izango ditugu gurekin; bakoitzak bertsotarako egin duen ibilbidea eta bilakaera azalduko ditu", esan zuen Euzkitzek.

Imanol Lazkanok, berriz, Bilintxek zortziko-txikian, hau da, "hitz gutxitan" gauza asko esateko zuen gaitasuna goraipatu zuen. "Bertsotan aritzea ez al da gauza asko hitz gutxitan esatea?", bota zuen airera.

Beste bertsolari bat, Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita hil zen urte berean, 1936an, jaio zen Lazkano. Gaztetan hasi eta 70 urtez ibili zen plazaz plaza. Saio horietan Txirrita ezagutu zuten beste hainbat bertsolariekin ibili zen, eta haien testigantzak eta ezagutzak ondo gogoan gorde izan ditu. Horregatik, nekez topatu ahal izango da azken 100 urtetako bertsolaritzaren bilakaeraren berri emateko hizlari hoberik. Lazkanok Gorbatatik piercingera izeneko hitzaldia eskainiko du maiatzaren 11n.

Handik hiru egunera egingo dute Bilintxen Menda hamabostaldiko azken ekitaldia, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertan direla. Gainera, aspaldian lan horretan aritu ez den Joxerra Gartzia izango dute gai-jartzaile.

Lehiaketa. Bizarrain Euskara Elkarteak Altzako X. Bertsopaper Lehiaketa deitu du, 18 urtetik gorako helduei zuzenduta. Lanak aurkezteko epea hilaren 30ean amaituko da eta epaia maiatzaren 15ean emango da ezagutzera. Irabazleak 200 euro eta Altzako baserrietako produktuez osatutako otarra jasoko du. Lehiaketaren oinarriak bizarrain.eus web orrialdean ikus daitezke.

Askok diyote kantetan beti

amore-kontu naizela,

nik esaten det arriturikan

motibo gabe daudela.

Zer egin biat baldin zerubak

doaitu banau horrela?

Ez dute ikusten usaia mendak

bere izatez dubela?

Nere biyotzak amoriyua

mendak usaia bezela.

(Hamabostaldiaizendatzeko, Xabier Euzkitze Bilintxen Biyotz erituba bertsoan

oinarritu da).

Maiatzak 2 (19.00etan, An-tzoki Zaharrean). Bilintxen Menda: Donostiar bertsolari historikoaren bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek. Horrez gain, Bilintxen hainbat bertso kantatuko dituzte Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz.

Maiatzak 6 (19.00etan, Okendo kultur etxean). Mahai-inguru honetan erdaretatik plazetarako urratsa egin duten hiru lagunen lekukotasunak bilduko dira: Jone Uria, Jon Maia eta Aitor Servier bertsolarienak.Maiatzak 11 (19.00etan, Victoria Eugeniako Club aretoan). Gorbatatik piercingera izeneko hitzaldian, Imanol Lazkanok azken mendeko bertsolaritzaren historia errepasatuko du.

Maiatzak 14 (19.00etan, Imanol Larzabal aretoa). Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak ariko dira. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Joxerra Gartzia ariko da.