- Pamielak argitaratutako Habanako gaukaria trilogiaren azken liburukia izan zuen hizpide atzo Joseba Sarrionandia idazleak, Kuban grabatutako 15 minutuko bideoan: Gauzak direna balira. Bertan bizi izan da hiru hamarkada luzez, 1985ean Imanol abeslariaren kontzertu baten ostean bozgorailu batean gordeta Martuteneko espetxetik ihes egin zuenetik. Saiakera esperimental honetan, inguruan duen mundua ulertzen saiatuko da, "Orinocon galduta balego bezala dagoelako".

Bizitzea ez al da oso arriskutsua? eta Airea ez da debalde lanen ondotik datorren argitalpen berri honen editorea Fernando Rey izan da, eta liburukia "saiakera berezia" dela adierazi zuen, euskara "aberatsean, bai lexikoan, bai sintaktikoki" ida-tzitakoa.

Sarrionandiak, urtarrilaren 1etik apirilaren 28ra bitarteko sarrerak dituen egunkari formatuan, egungo gertakari politikoei, filosofiari, bizipenei, gai historikoei, euskarari, baita COVID-19aren pandemiari buruzko iritziak ere eskaintzen dizkio irakurleari, "mikro-hausnarketa" moduan.

Halaxe agertzen dira liburua osa-tzen duten gaien artean, gertakari jakin batzuei buruzko batzuk, hala nola Miguel Díaz-Canel Kubako presidente hautatu izana, Ernesto Cardenalen heriotza, Bernie Sanders Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako lehiatik aldendu izana, eta maiz errepikatzen dituen beste gai batzuk, hala nola esklabismoa eta kanibalismoa, politikaren "sinbolo" gisa.

Sarrionandiaren esanetan, egunkaria "egutegiari lotuta idazteko metodo bat da", baina kasu honetan ez da "egunkari intimo" bat, mundua uler-tzen saiatzeko "esperimentua" baizik; eta literatur genero bakoitzak bere baldintzak izan arren, "hobe da horiei askatasunez heltzea" defendatu zuen.

Alvarado, Orellana edo Lope de Aguirre bezalako esploratzaile zaharrek El Dorado-ren bilaketarekin egindakoarekin alderatu zuen Sarrionandiak literatur lana; "aurkitzen ez den zerbaitek bezala funtzionatzen baitu, puntu finko bat ez balitz bezala" aipatu zuen.

"Gizartea konplikatu egin da eta badirudi Orinocon galduta gabiltzala, irudimenezko puntu baten bila, iritsiko ez garen utopia baten bila. Baina plazerak bilaketa horretan da-tza", esan zuen, bere azken liburuan eguneroko bizitzaren istoriotxo horiek txertatu dituen idazleak.

Kubatik egindako solasaldian, euskaraz idazteak "komunitate baten parte" sentiarazten duela aldarrikatu du Sarrionandiak , eta hori "pribilegiotzat" jo du; azpimarratu nahi izan du "hizkuntzaren altxorra" ez dagoela "kobazulo batean edo arkano batean ezkutatuta", hiztunen "ezpainetan" baizik.

Sarrionandia Habanako bizitzari buruz ere mintzatu zen: "Korapilatu egin da, oihan modukoa bihurtu da", non ezustekoak "egunero" gertatzen diren. "Euskadin urtebeterako planak egin daitezke, Kuban ordea, ez dira egun bat baino gehiagorako baliagarriak", azaldu zuen.