donostia - “Ez duzue aurkituko inor poztuko ez denik ematen diozuen sariarekin. Beharbada aurkituko dituzue asko pozten direnak, baina ez duzue aurkituko ni beste poztuko denik”, erakutsi zuen atzo, irribarre zabal batez, Xabier Amuriza bertsolariak (Amorebieta-Etxano, 1941), aurtengo Manuel Lekuona Saria jasotzeak sortzen dion sentimendua deskribatzeko. Eusko Ikaskuntzak urtero ematen duen aintzatespenaren epaimahaiak “bertsolaritzak azken urteotan izan duen loraldiaren protagonista” izatea aitortu dio, aho batez “tradiziotik modernitatera” eman den jauzian izan duen esku-hartzea onartuz.
Datorren urtean emango den saria iragartzeko ospatutako prentsaurrekoan adierazi zenez, hainbat izan dira Amorebieta-Etxanon jaiotako euskaltzalea omentzeko arrazoiak: “Bertsolaritza izanik euskara eta euskal kulturaren identitatearen erakusle garrantzitsua, Amurizak ahozkotasunean egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzen lagun-tzea ez ezik, zabalkundean ere nabari eragin du”. Horrez gain, bere lana Euskal Herri osoan zehar hedatu du, ahozko kulturaren aberastasuna bultzatuz. Epaimahaiaren aburuz, hasieratik euskal kulturarekiko konpromiso sendoa azaldu du beti. Gainera, bertsolaritzatik harago, “lan-ibilbide emankorra izan du literatura eta musika alorretan, ugariak izanik berak sinatutako eleberriak, azterlanak, diskoak eta grabaketak”.
Bertsolariak esan zuenez, sariaren iragarpenak “ezustean” harrapatu du, horregatik, “esker on handiagoa” du. Baina horren gainetik, ohorea eta poza nabarmendu zituen. “Suposa-tzen dut sari hau eman didatenen erabakian kariño bat dagoela eta kariño hori nire pozaren osagai nagusietako bat bezala daukat”, esan zuen Amurizak, saria jasotzeagatik zorionduko dutenen kariñoa aurreikusiz eta poztasun are biziagoa sentituz. Metaforak gogoko dituen bertsolari bizkaitarrak esandakoaren arabera, urmael bat balitz bezala, geldi egonik, tanta lodi bat bezala heldu zaio saria. “Uhin zirkular bakoitzak sentimendu bat ekarriko dit eta uhin horiek mantso-mantso joango dira. Baina uhinak datorren urtera arte iraungo du, hurrengora ere, beste sari bat ematen denean, ni sarituta nagoela gogoratuko dudalako”, ondorioztatu zuen.
Horrez gain, Amurizak “erakunde zientifiko-kultural” batek aitortutako onarpena izatea nabarmendu zuen. Izan ere, bere esanetan, nahiz eta batik bat letretan aritu izan, zien-tzia izan da bere grinaren iturburu. “Betidanik, jarrera eta metodo gisa daukat fenomeno guztiek eta gauza guztiek esplikazio bat dutela. Hori ez da aurreiritzi bat, baizik eta jarrera zientifiko bat”, azaldu zuen, bere ondorioak hortik datozela onartu aurretik. “Horrela, bertsolaritzari buruz egin ditudan saiakeretan edo Euskara batuaren bigarren jaiotza izeneko saiakeran, nire pentsaeran letretatik baino jarrera zientifikotik dago nire oinarrian”, azaldu zuen. Hortaz, bere esanetan, “ohore handia da Eusko Ikaskuntzak zientzialarien mailan jartzea”.
Zapigarren bizkaitarra Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria den Iñaki Dorronsororen esanetan, Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak, “ibilbide luze eta oparoa duten pertsonaiak omen-tzeko”. Modu horretan, urtero nabarmentzen da publikoki “obra bat, opera omnia, sorkuntza, ikerketa, kultura jarduera edo gizarte-zientzien alorrean”. Azaldu zuenez, 2014tik aurrera, bozketa bidez euskal komunitate zabalaren iritzia bildu ostean, epaimahai instituzional batek ematen du saria. Aurten hauek izan dira parte hartu dutenak: Aranzadi Zientzia Elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Jose Miguel Barandiaran Fundazioa, Institución Príncipe de Viana, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Unesco Etxea eta Etxepare Euskal Institutua, Eusko Ikaskuntzarekin batera.
“Izen handiko sari hau lortzen duen lehen bertsolaria da Xabier Amuriza, merezimendu osoz. Izan ere, bertsolaritza modernoaren erreferente absolutua da”, adierazi zuen Dorronsorok. Halaber, zazpigarren bizkaitarra da, Andres de Mañaricua, Adrián Celaya, José Miguel Azaola, Elias Amezaga, Jose Antonio Arana Martixa eta Joan Mari Torrealdairen ondoren. Azaldu zutenez, saritzat duten Remigio Mendiburuk sortutako eskultura emateko ekitaldian datorren otsailean edo martxoan izango da.