elizondo - Jon Barberena Ibarra, 40 urteko baztandar bertsolari eta idazlea hil zen atzo egunsentian. Goizaldeko ordu biak aldera ondoezik sentitu zen, ezin arnastu, eta larrialdi zerbitzuek artatu eta suspertzen saiatu ziren arren, ezin izan zuten deus ere egin bere heriotza ekiditeko.
Eguna argitzera zihoanean bolo-bolo zabaldu zen albiste latza Erra-tzun, bere herrian, Elizondon, bere sorterrian, baita Baztan eta Euskal Herri osoan zehar ere. Argitzear zen eguna kolpetik hodei ilun baten pean gelditu zen, ixilik, ilun, triste, atsekabetuta. Mezuak, deiak, kaleko elkarrizketa guztiak gertakari sinesgaitzaren ingurukoak ziren.
Jon ezagutzen zuten guztien pentsamenduak bere familiarengana zuzendu ziren. Bere bikotekidearengana, bere seme-alaba ttikiengana, bere anaia eta aitarengana. Eta, nola ez, baita ama zenarengana ere, duela urte gutti Jon bezala, ba-t-batean, ezustean joan zen amatxorengana.
Egun gogorra izan zen atzokoa Baztanen; ez dira xamurragoak izanen ondorengoak. Ezustean itzali da Jonen argitasuna. Gizon gazte, kirolari, alai, argi eta aktiboa.
Atzo arratsaldean, Elizondon, beilatokiak gainezka egin zuen, handik eta hemendik familiari doluminak agertzera etorritako jende uholdearekin. Gaur ere goiz eta arratsaldez jendetza hurbilduko da. Bihar goizean eramanen dute Jonen gorpua Iruñeko hilerrira, erraustera, eta 17.00etan izanen da bere aldeko hileta elizkizuna Elizondoko Santiago parrokian.
sortzailea Bertsolaritzan ibilbide oparoa egin zuen Barberenak. Baztango bertso eskolako kide eta irakasle izana eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan zenbait urtetan parte hartutakoa, hainbatetan finalista izana eta bi aldiz txapeldunorde (2007, 2008). Aitzinetik bertze sariketa batzuk ere irabaziak zituen: Mariano Izeta Saria (2004) eta Xalto Saria (2003). Ahoz zein idatziz aitortuak izan dira bere lanak: Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan bi aldiz lehendabiziko saria lortu zuen bertso-paperen modalitatean (2004an Algecirasko Karmele lanarekin; eta 2005ean Europa aldetik dator Thaimiren gutuna lanarekin). Lehiaketa berean bigarren saria eskuratu zuen 2003an, Euskal Herriko konpota lanarekin.
Bertsogintzan ez ezik, idazle gisa ere nabarmendu zen, batez ere poesian. Izugarri trebea zen, poesia odolean zeramala zirudien eta hain zuzen ere poesia izan zuen hizpide parte hartzen zuen Hitzen Uberan egindako bere azken kolaborazioan, uztailean. Halaxe bukatzen zuen bere ekarpena: “poesia ez da iraultza, baina, ziur naiz, iraultza ñimiñoena gauzatzeko ere, poesia ezinbertzekoa dela”. Poeta iraultzailea Barberena, poeta zen idazten zuenean, poeta pentsatzen zuenean eta poesia egiten zuen ere edozein elkarrizketa gauzatzerakoan, bai hi-tzekin eta baita gorputzaren mugimenduekin ere. Sari anitz ere irabazi zituen bere poesia lanekin.