Donostia- Digital Gastronomy Lab-ek gaur goizean ireki ditu ateak Tabakalerako prisman, Donostian. Basque Culinary Center-ek kudeatzen duen berrikuntza irekiko living lab honek teknologia eta gizarte harremanak integratzen ditu, gastronomiaren etorkizun digitala sustatzeko asmoz. Etorkizuneko gastronomia birpentsatu eta horren inguruan batera sortzeko espazioa da, beti ere eremu digitalean.
Digital Gastronomy Labek berrikuntza eta garapenaren bila lan egingo du, talde lanari garrantzia emanez. Esperimentazioa, proiektuen garapena eta konponbide teknologikoei aurre egiteko espazio bat integratuko du gastronomia laborategi honek.
Elkarlanean aritzeko, esperimentatzeko eta testatzeko laborategi bat osatzen du Digital Gastronomy Lab-ek. Halaber, I+Gren proiektu eta garapen berrien azeleratzaile gisa jarduten du gastronomiaren sektoreko enpresekin.
Gune berriak gastronomia-espazio berezi bat du, eta datorren uztailaren 22tik aurrera hiritarrentzat irekita egongo da. Startup enpresek konponbide teknologikoak lortzeko ingurune erreal batean probatu ahal izango dituzte euren esperimentuak. 360º-ko esperimentazio-areto bat izango dute, eta gastronomian murgiltzeko esperientziak eskainiko dira.
Eneko Goiak hau adierazi du: "Donostia munduko erreferente izan da gastronomiaren esparruan, eta orain ere hala da. Gure hiria nazioartean zerbaitegatik nabarmentzen bada, hain zuzen ere helmuga gastronomiko gisa duen posizionamenduagatik da. Esparru honetan, Champions League-ean jokatzen dugu. Eta posizio pribilegiatu horrek ezin gaitu autokonplazentziara edo honek betiko iraungo duela pentsatzera eraman. Mundua etengabe ari da mugitzen, eta lehiakide anitz ditugu. Ezinbestekoa da gure lidergoa indartzeko erabakiak hartzea".