Banpiroak bezala, uda honetan literatura gotikoa ere euskaraz kosk egiteko prest dago. Erein eta Igela argitaletxeek, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin (EIZIE) batera, Literatura Unibertsala sailaren 191. alea kaleratu berri dute, Joseph Thomas Sheridan Le Fanuren Carmilla. Erromantizismoari eta literatura gotikoari erreparatuz gero, aise esan liteke XIX. mendea odol-xurgatzaileen mendea izan zela. Frankenstein sortzeko inspirazioa, hainbat lagun literatoekin 1816ko uda euritsuan Genevan egindako egonaldian sortu zitzaion Mary Shellyry. Bidaia horretan, gaugiroan suaren inguruan izaten zituzten elkarrizketetan, John William Polidorik beste burutazio bat izan zuen: banpiro modernoaren iruditeria. Polidorik The Vampyre (1819) argitaratu eta 53 urtera, Le Fanuk Carmilla erditu zuen, Bram Stokerrek banpiro guztien aita izango zen Drakula asmatu baino mende laurden lehenago. “Nobela honetan literatura gotikoko banpiro liluragarrienetariko bat topatuko dugu, ez agian ezagunena, baina bai liluragarrienetariko bat”, nabarmendu du Ereingo editore Inazio Mujika Iraolak.
Jatorriz, kontakizun hau In a Glass Darkly narrazio bilduman argitaratu zuen Le Fanuk 1872an, autorea hil baino urtebete lehenago. Carmilla ez da gainera, autore irlandarraren obretatik euskarara ekarri den lehena. 1990. hamarkadaren hasieran Maizter misteriotsua lana gure hizkuntzara ekarri zuen Ereinek, Luigi Anselmiren itzulpenarekin.
Maialen Berasategi arduratu da, aldiz, Austria hego-ekialdean girotutako nobela honen euskarazko bertsioaz. Laura da eleberriaren protagonista, aitarekin gaztelu gotiko batean bizi den emakume gaztea. Zalgurdi istripu baten ondorioz, Laurak Carmilla ezagutuko du, beste pertsonaia nagusia. “Banpirismoaren” zale amorratuei baino gehiago, publiko zabalari interesgarri gerta dakiokeen kontakizuna dela uste du Mujika Iraolak. “Desirari buruzko liburua ere bada”, gaineratu du. Hain zuzen ere, bi nesken arteko erlazioaren azpian “desira homo-erotikoaren” zantzuak baino gehiago ageri direlako. Gauzak horrela, elkarren arteko lilura ezin eutsizkoa piztuko zaie biei, “eta nahiko siniestroa, gainera”. “Maitasuna eta izua eskutik helduta basoko iluntasunean”, “sekretu bat” eta “xarma mortala duen bisitaria”… Hori guztia topatuko du irakurleak Le Fanuren nobela labur honetan.
Banpiro-literaturan erabakigarria
“Klasiko bat da Carmilla, baina ez agian beste liburu batzuk bezain ezaguna”, iritzi du Berasategik. Itzultzaileak azaldu duenez, Le Fanuk, bizirik zela, bazuen horrelako ospetxoa baina, behin hilda, ahaztua izan zen, beste literatoek haren figura eta obra “aldarrikatu” zuten arte. Halere, XX. mendearen amaieran banpiro-literaturak izan zuen “piztualdian” ere erabakigarria izan zela uste du itzultzaileak.
“Gehienoi, banpiro-istorioetan pentsatzen dugunean, Drakula etortzen zaigu burura”, esan du itzultzaileak, gerora gehitzeko, ezinbestean, Le Fanu eta Stokerren eleberriak konparatu izan direla izaki hilezkor horiei buruzko literatura aztertzerako garaian. Banpiroaren loa eta bizigaia, bere indar imajinaezina, azeritasuna… banpiroari gaur egun oinarrizkoak zaizkion ezaugarri horiek guztiak “antzeko” ageri dira bi obretan. Are gehiago, Stokerrek sortutako Van Helsing banpiro-ehiztariaren “aurrekaria” Carmilla liburuan dago. Drakularen narrazio epistolarrari dagokionean, “dirudienez”, badu oihartzunik Le Fanuren ipuin luzean, zeinetan narrazio kaleidoskopikoak “matrioska forma” ere hartzen duen.
Kontrara, itzultzailearen ustez, bi obren arteko alde nagusiena banpiroaren izaera bera omen da. “Carmilla nahiko giza-eite normaleko kreatura da, itxuraz xaloa, ahula eta gaixobera, eta ezin ederragoa eta emakumezkoa, noski. Pertsonaia anbiguoa da, kontraesanez beterikoa. Stokerren banpiroa, aldiz, nahiz eta berriagoa izan, tradizio zaharragoko banpiro-munstro gizonezkoa da, hainbeste tolesik gabekoa, Istorioko gaztagin peto-petoa da”, iritzi du itzultzaileak. Bien arteko ezberdintasunez harago, hori bai, biak ala biak kosk egiteko prest izan dira beti.