Landarbaso abesbatzak Errenteriako festetako atariko kontzertua eskainiko du larunbatean 20.30ean (hau da ordu egokia, nahiz eta hainbat egitarauetan beste ordu bat jarri) Madalena basilikan. Ohi bezala sarrera doakoa izango da. Ekitaldia Maria Madalenaren Lagunak elkartearen laguntzarekin prestatu da.
Asteazken goizean egindako aurkezpenean, Iñaki Tolaretxipik azaldu zuenez, kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengo zatian datozen egunetan Japoneko lehiaketa garrantzitsu batean aurkeztuko duen errepertorioa ia osorik entzuteko aukera egongo da eta oso ondo eta zehaztasun askorekin prestatu dutela baietsi zuen. Bigarren zatian, ordea, folklorea izango da nagusi. Guztira, kontzertuak ordubete baino gutxiago iraungo du.
Larunbatekoa 34. edizioa izango dutela nabarmendu zuen Tolaretxipik: “Kontzertu klasiko bat da Madalen bezperakoa eta ibilbide luzekoa. Hasiera batean madalenetako egunetan antolatu nahi genuen, baina orain ohitura bilakatu da aurreko larunbatean egitea. Urte asko pasata pisu handia hartu du eta abeslarientzat etxeko kontzertua da, asko maite dute, publikoa ere bertatik bertara dutelako, lau metro eskasera”. Gainera basilikako akustika oso ona dela azpimarratu zuen.
Denboraldiaren balorazioa
Madalenaren Lagunak Kultur elkarteko lehendakariak, Lourdes Urangak aurtengo denboraldiaren balorazio bat egin zuen: “Iaz 26 emanaldi antolatu genituen eta aurten, uztailera bitarte, 20 antolatu ditugu jada, martxoa izan da kontzertu gehien egin dugun hilabetea, sei denera”.
Ekitaldi ugari herriko beste eragileekin batera antolatu dituzte: Herri Arte Eskola, Andra Mari Abesbatza, Landarbaso abesbatza, Beti Bizkor elkartea, Ereintzako txistulariak, Niessen Elkartea eta Telleri abesbatza.