Datorren urriaren 1ean Gipuzkoako Ikastolen Jaialdia Errenterian ospatuko da Orereta ikastolaren alde. Urtean zehar hamaika ekitaldi burutu dituzte eta egun horretan amaiera emango zaio herritik burutuko den ibilaldiarekin, urte luze honetan egindako lanari. Euskara eta euskal kultura, eskertza eta komunitatea izan dituzte zutabe urtarriletik hona antolatu dituzten ekimen guztietan eta hauek Orereta ikastolaren 60. urteurrenarekin uztartu dituzte.

Egitarau oparoa prestatu da adin guztietarako hamaika ekitaldirekin eta hauek erdigunean kokatuko diren lau gune nagusitan banatuko dira. Hiru azpigune ere izango dira. Egunari hasiera 10.00etan emango zaio ekitaldi instituzionalarekin. Ibiltaria izango da, Lekuonako zubian erakundeetako ordezkariei ongietorria egin ondoren, Zumarditik eta Linotik pasa, eta Zamalbide gunean amaituko da, ikastolaren lehenengo eraikinean.

11.00etatik aurrera, musika, dantza, umeei zuzendutako eskaintza, tailerrak eta kale animazioa, Gipuzkoako Ikastoletako DBHko ikasleen arteko Erronka… izango dira eta arratsalde partean musika nagusituko da.

Erriola leloak duen jaialdi honetako lau guneek Errenteriako faktorien izenak izango dituzte. Honenbestez, herriko ekonomian eta bizitzan Oiartzun ibaiaren inguruan sortu ziren lantokiak gogoratuko dituzte: Lino, Esmalteria, Galletera eta Errioa.

Bertaratzen direnei gune horietan aurkituko dituzten ogitarteko, talo eta pintxoez gain, eserita menua jateko aukera eskainiko zaie Fernandez de Landa plazako aterpean jarriko duten jantokian. Paella, oilasko errea eta postrea izango dira 13.00etatik 15.30era. Bazkarirako txartelak aldez aurretik hartu ahal izango dira Kilometroak.eus webgunean. Egunean bertan jantokian ere eskuragarri egongo dira. Helduek hamahiru euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek sei euro.

Garraioa

  • Kilometroak Egunera garraio publikoan etortzea gomendatzen da, Euskotren, Lurraldebus edo Renfe erabilita.
  • Renferen erabiltzaileek kontutan izan behar dute urriaren 1erako mozketak iragarri direla, eta, beraz, Errenteriara etortzeko, Andoain-Lezo/Errenteria eta Lezo/Errenteria-Andoain artean baino ez duela zerbitzurik emango.
  • Garraio publikoz etorri ezin dutenentzako, bi aparkaleku nagusi jarriko dira: Pasaiako Portua (koordenatuak 43.31966675139468, -1.9033785858643517) eta Txirrita-Maleo industrialdea (koordenatuak 43.30551131738846, -1.9090532596819616).
  • Autokarabanentzako gunea ere izango da Agustinak auzoan (koordenatuak 43.30718087520547, -1.897500817369414).