Burtsaren jardunaldiaren hasieran Ferrovialen akzioek %0,42ko igoera izan zuten atzo, titulu bakoi- tzeko 27,50 euroraino, Ibex 35eko igoerarik handienekoen artean kokatuz. Handik minutu batzuetara, Rafael del Pino buru duen konpainiaren tituluen igoera hori %0,23raino baretu zen, 27,45 euroraino; eta hori guztia, taldeak ostegunean Herbehereetara lekualdatzea erabaki zueneko batzar historikoaren ondoren.

Burtsaren osteguneko saioa itxi ondoren ezagutarazi zen konpainiaren erabaki horren aldeko ehuneko zehatza: batzarraren aktaren arabera, botoa eman zuten Ferrovialeko akziodunen %93,3k babestu zuen taldearen egoitza soziala Herbehereetara eramatearen aldeko proposamena. Batzarreko quoruma %77,6koa izan zen, bertaratu zirenak eta ordezkatuak kontuan hartuta, eta horietatik %93,3k oniritzia eman zioten gai-zerrendako 10.1 puntuari, alegia, Herbehereetako filialarekin bat egiteari.

Ferrovialen akziodun nagusia Rafael del Pino presidentea da (kapitalaren %20,4 kontrolatzen duelarik), ondoren dator bere arreba Maria del Pino (%8,2); munduko aberastasun handienen Forbes zerrendako 273. postuan agertzen den Christopher Hohn britaniarrak sortutakoTCI funts britainiarra (% 6,4); Leopoldo del Pino anaia ( 4,1), eta BlackRock (%3,18) eta Lazard (%3) funtsak.

Etengabe zabaldu ziren atzo erabaki horren inguruko erreakzioak. Antonio Garamendi CEOEko presidenteak gogor kritikatu zuen Espainiako Gobernuak erakutsitako aurkako jarrera, “presidenteak edota Del Pino familiak jasandako jazarpena ez da batere bidezkoa izan” adieraziz. Hala eta guzti ere, txalotu egin zuen, behin konpainiaren egoi- tza soziala Herbehereetara lekualdatzeko Ferrovialeko batzarraren argi berdearen aurrean, Exekutiboak adierazitako “errespetuzko” azken jarrera. TVEko La Hora de la 1 saioari eskainitako elkarrizketan horixe esan zuen: “Poztekoa da, soilik enpresari dagokion erabaki baten aurrean, Gobernuaren jarrera errespetuzkoa izatea”. Garamendiren hitzetan, “Espainiara hainbat konpainia etor- tzen dira, eta pozik hartzen ditugu”. Bere ustez, “sortu den zalaparta guztia saihestu egin behar zen; konpainiarekiko harremana beste nolabait egin beharko zatekeen”, adierazi zuen. Bestalde, Espainian segurtasun juridikorik ba ote dagoen galdetuta, Garamendik azaldu zuen “prin- tzipioz” badagoela, nahiz eta “egunetik egunera interbentzionismoa handiagoa den”.

“Patriotismoa” Bestalde, María Jesús Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak atzo adierazi zuenez, “enpresak aldez aurretik iragarritako erabakia da”, eta, aldi berean, “patriotismoa, gure mugen barruan eta mugetatik kanpo, Espainiaren interesak defendatzea dela, gure mugetatik kanpo gure herrialdeaz gaizki ez hitz egitea” aldarrikatu zuen.

Monteroren esanetan, “Espainiako Gobernua, gure herrira etortzeak dituen abantailei buruzko informazioa ematen ari da”, jarraian azpimarratuz, “Ferrovialek Estatu Batuetan kotizatzeko ezintasunari buruz emandako argudioa ez dela egia”. Argi utzi nahi izan zuen “legeriak baimentzen duela”, eta ondorioz, “atzo jakin ez genituen beste arrazoiren batzuk izango direla”.

“Mehatxuak”

AEDAFen kezkak. Ferrovialek Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren jarduketei aurre egin diezaiekeela dioten Espainiako Gobernuak konpainiari egindako “zuzeneko mehatxuen” aurka egin du Zerga Aholkularien Espainiako Elkarteak (Aedaf), beraien iritziz, zalantzan jartzen direlako irizpide-independentzia eta Zerga Agentziak interes orokorren zerbitzu objektiboan jarduteko konpromisoa. Komunikatu batean adierazi du Aedafek, azkenaldiko gertakariekiko kezka hori.