Japoniar animazioaren eta euskal munduaren arteko topagune bihurtu zen larunbat honetan Victoria Eugenia antzokia. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, Animedon sailaren esparruan, Fujiko Fujio komikigile bikotea omendu du, herri kulturako pertsonaiarik ikonikoenetako bat sortu zutelako: Doraemon. Gora eta gora beti, Doraemon eta lagunak izenburuarekin antolatutako omenaldiak duela egun batzuk agortu zituen gonbidapenak, iaz Akira Toriyama zenaren omenez eta euskarazko lehen atalaren emanaldiarekin Antzoki Zaharrean gertatu bezalaxe. 

Aurreko urtekoari jarraipena emanez, oraingo honetan ere bi euskal bikoizle beteranok hartu zuten parte ekitaldian: Ane Aseginolaza, katu kosmikoak euskaraz izan zuen lehen ahotsa, eta Arantxa Moñux, Nobita euskarara ekarri zuena eta, ETB1era iritsi zen Fujiko Fujioren beste sorkuntza bat ere, Kiteretsu, bikoiztu zuena. Hain zuzen ere, Hiroshi Fujimoto eta Motoo Abiko sortzaileen bikoteak sinatuta Euskadira iritsi ziren obren hainbat pasarte erakutsi ziren proiekzioan. 1979an Japonian estreinatutako Doraemonen lehen atalaz gain, Doraemonen jaiotza (1995) kapitulu berezia ikusi ahal izan zen, baita Kiteretsu. Nobitaren lengusu azkarraren lehen atala (1988) eta Hattori ninjarena ere (1981).

Irati Errandonea kazetariak gidatu zuen ekitaldia, eta Realaren eta Athleticen arteko arratsaldeko derbia ere hizpide izan zen. Izan ere, Take Kubo jokalari txuri urdinak, Doraemonen urte berriko atal berezian kameoa egin baitzuen. Japonian urtarrilean proiektatu bazen ere, ez zaigu oraindik euskarazko telebistara iritsi.

Heldu zein haurrentzako emanaldia izan zen Victoria Eugeniakoa. Pedro Martinez

Gora eta gora beti, Doraemon eta lagunak familia giroan gozatzeko saio bihurtu zen, eta, bide batez, euskarazko bikoizketaren tradizioa aldarrikatu zen, azken urteotan gainbehera etorri baita. Hain zuzen ere, lanbide horretan nola hasi ziren eta haurrentzako telesail horren 800 atal baino gehiago bikoizteak zer ekarri zien kontatzeaz gain, bikoizketa talde lana dela azpimarratu nahi izan zuten Aseginolazak eta Monuxek –lehen ahots guztiak kabinan zirela egiten zen, eta orain, berriz, pertsonaia bakoitzak bere take-ak banaka egiten ditu–. Beste zenbait lankidek egindako lana ere aintzatetsi dute, hala nola Begoña Huegunena, bera izan baitzen Doraemonen hainbat eta hainbat atalen bikoizketa zuzendaria. Miren Aranburuk atal bakoitzaren aurretik abesten zuen kantuarekin ekitaldia amaitu aurretik, Aseginolazak eta Moñuxek 3Dn inprimatutako garaikurra jaso dute, euskaldunon belaunaldi bat baino gehiago “euskaraz amets eginarazteagatik”.

Cel-en erakusketa

Horrez gain, antzokiaren sarreran Doraemonen jatorrizko cel-en erakusketa bat ipini dute. Cel-ak, ohiko animazio-prozesuan erabiltzen diren xafla gardenak dira, bertan marrazten dira pertsonaiak, hondoak atzean jarriz. Horiek uztartuta ateratzen da fotograma bakoitzaren argazkia.

Erakusketa bihar arte ikusgai egongo da Victoria Eugenian, orduan amaituko baita Animedon, Donostiako bigarren anime topaketa. Ekimen horrek Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astera ikusle gehiago erakartzea du helburu, Japoniar animazioko film luzeen kontsumoa areto iluneko esperientzia kolektibo bihurtuz. Hiru film luze estreinatuko dira aurten Animedonen programazioaren baitan: The last blossom, All you need is kill eta Make a girl.