Pasatu da santu guztien eguna. Baita hildakoen eguna ere. Askorentzako, hilerrira loreak eramateko datak dira. Batez ere, hilaren lehenbizikoa. Eta gure inguruko hamar familiatik batek ate joka datorkigun neguan berogailua piztu ezinda ibiliko dela jakinda, hildakoen izenean loreak erostea eta hilerrira eramatea, alferriko gastua da hainbatentzat. Erakuskeria hutsa.
Gure heziketa zorrotzean ere, loreak apaingarriak zirela erakutsi ziguten. Bizitza aurrera eramateko ez direla beharrezkoak. Lore naturalen edertasunaz hitz egin ziguten, gure mendietan han eta hemen aurkitu genitzakeenaz, baina bertan utzi behar zirenez, naturaren mesedetan.
Kontua da, lorea heriotzari oso lotua dagoen elementua dela, apaingarria baino areago. Rosa Regàs idazleak (Bartzelona, 1933-2024) bere La hora de la verdad liburuan esaten du, bere inguruko norbait hiltzen zen aldi oro, heriotza bakoitzak gero eta biluziago, zimelago eta hauskorrago zegoen bere bizitzaren zuhaitzari hosto bat kentzen ziola. Maite zituen hainbeste pertsona joan zitzaizkiola, ezen eta bere unibertsoa guztiz eraldaturik, desberdin eta mortu geratu zitzaiola eta, batzuetan, ez zuela bere burua ezagutu ere egiten; iruditzen zitzaiola, bera zela joan dena eta, hildakoak, gelditu direnak.
Regàs-ek jarraitzen du esanez, galerari ihes egin ezin diogunean, egin dezakegun gauza bakarra, gure lorategi propiora landare berriak ekartzea dela, eta horrela, gogoratu, galdutako hostoen lekuan berriak jaioko direla.
Loreak ez dira, bada, hildakoei egiten diegun eskaintza, ez eta inolako erakustaldia ere. Bizirik geratzen garenok, ez garela joan gogorarazteko sinboloa dira. Geure burua ezagutzen dugula adierazteko modua. Udaberrian loratuko zaigun bizitza berriaren jabe garela azaltzeko manera.
Loreak erostea eta hildakoei eramatea, edo lorategi propio bat atontzen hastea, bizitza berri bat eraikitzeko modu naturala da. Eta premiazkoa. Galdutako hostoen lekuan, naturaren bizi zikloari esker, berriak jaioko direlako. Eta gure bizitzaren zuhaitza, berriro, hostoz jantziko.