Santa Klara uharteko itsasargia hustu eta espazio hori Hondalea eskultura bihurtu zuen Cristina Iglesiasek. Inauguratu eta bi urtera, artista donostiarrak liburu bat argitaratu du, eskulturaren irudiak, eta itsas inguruneari eta artearen esanahiari buruzko hausnarketak bilduz.

Cristina Iglesias - Hondalean jaso dira, eskultura inauguratu berritan, 2021eko ekainaren 3tik 4ra egindako sinposioan parte hartu zuten adituen hainbat argazki eta testu.

Liburuaren editore ere baden James Lingwood nazioarteko aholkulariaren zuzendaritzapean, hainbat adituren testuak biltzen argitalpenean: Lingwood berarenak, Manuel Soto Plentziako itsas estazioko zuzendariordearenak, Adolfo Uriarte itsas biologo eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariarenak, Asier Hilario geologoarenak eta Carlos Duarte ozeanografian adituarenak, besteak beste.

Artearen esparrutik honako hauek parte hartu dute: Lisa Le Feuvre idazle eta editoreak, Penelope Curtis Lisboako Calouste Gubelkian Fundazioaren zuzendari eta Tate Britaineko zuzendari ohiak, eta Russel Fergusson UCLAko (Los Angeles) Arte saileko presidenteak.

Beñat Sarasola poeta eta idazleak ere egin du bere ekarpena. Iglesiasek eta biek elkarrizketa mamitsua izan zuten “sakontasunaren eta zerumugaren” kontzeptuei buruz; eta Iglesiasek aurkezpenean adierazi zuenez, berarekin aztertu omen zuen “nola aurki zitekeen, euskara abiapuntu hartuta, itsas amildegia adierazteko bezain sakona izango zen eta interpretazioetarako irekita egongo zen hitz egokia”.

Donostiako alkate Eneko Goia bertan zelarik, liburuaren aurkezpen-ekitaldia Aquariumeko areto batean egin zen, Santa Klara uhartearen aurrez aurre, 2017an proiektua aurkeztu zen leku berean. “Liburuak Hondalea zabaldu nahi du, oraindik etorri ez direnentzat”, adierazi zuen artistak.

Iglesiasek obra bat amaitzen duen bakoitzean filmatu ohi duen Guide Tour izenekoa hartzen da oinarri. Kasu honetan Asier Altuna errealizadorearekin egin zuen, eta Hondalea: Abismo marino izeneko dokumentalean jaso zuen eskulturaren eraikuntza prozesu konplexu guztia.

Gogora ekarri zuzenez, Iglesiasek eta Altunak itsasontziz egindako bidaiarekin hasten omen da ikus-en-tzunezkoa “uhartera iritsi, itsasargiaren etxean sartu, eta artelanaren esperientziari aurre eginez, haren soinuak eta nor bere baitan biltzeko ahalmena sentituz”.

Iglesias pozik agertu zen “liburu bat memoria delako beti”, eta Parisen, Londresen, New Yorken eta Los Angelesen aurkeztekoak direla ziurtatu zuen: “Bultzada polita izango da jende gehiago etor dadin artelana bera eta Donostia bisitatzera.