- Atzo aurkeztu zuen IDK Euskotrenek 2020-21 denboraldirako abonatu egiteko kanpaina Denok batera! lelopean. Joan den astean hasita, aurreko kanpainan abonatu zirenak berritzen aritu dira, horiek deskontu txiki bat baitute, 2019-20 denboraldian Jose Antonio Gasca kiroldegian ateak itxita jokatu ziren partiden ordainean.

Hala, talde Gipuzkoarrak atzo jakinarazi zuenez, gaurtik aurrera abonu berriak egiteko kanpaina abiatuko da, denboraldi honetan taldeak duen erronka ilusionagarriarekin bat egin nahi duten guztientzat. Helduen prezioa 75 eurokoa da, eta 6 urtetik beherakoena, berriz, 15 eurokoa.

Egungo egoeran, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko murrizketak direla eta, Gasca kiroldegiko edukiera asko murriztu denez, harpidetzak harrera-ordenaren arabera esleituko dira. Eskaerak iulene@ibaetabasket.com helbidera bidali behar dira edota, bestela, klubaren web orriko formularioaren bitartez.

Bestalde, IDK-k jakitera eman zuenez, harpidedunen kanpaina amaitu arte ez da zaleentzat sarrerarik salgai jarriko.

Gauzak horrela, klubak honako mezu hau zabaldu nahi izan du: "Joan den astean hasi genuen denboraldia Embutidos Pajariel Bembibre-ren aurka, etxetik kanpo garaipena lortuz (65-76); eta larunbat honetan 18.00etatik aurrera Spar Girona hartuko dugu etxean. Ezarritako neurri guztiak gorabeheran, Jose Antonio Gascaren harmailetatik gure zaletuen babesa sentitu nahi dugu. Denok batera!".