- Plastifisharen Kostera2021Gipuzkoako sei arro nagusietatik 2.000 kilo hondakin plastiko jaso dituzte. "Herritarren inplikazioa oso arrakastatsua" izan da, nabarmendu zuen atzo Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Plastifisharen Kostera horren emaitzak eskaini zituen: guztira 46 bilketa egin dira, 2.000 pertsonen parte-hartzearekin.

Proiektu honen bultzatzaileak Ingurumeneko Foru Saila, Ternua enpresa eta Mater ontzi-museo ekoaktiboa dira, eta beraien arduradunek, "ekimen honetan aktiboki parte hartu duten ia 40 eragile, elkarte eta ikastetxeren" lana aitortu eta eskertu nahi izan zuten Donostiako Kursaalean egindako agerraldian.

Ikastetxetan, ere

Aurtengo edizioan, tokiko 112 proiektu sortu dira ikastetxeetan, baita lau herritarren ekopatruila ere; gainera, "hurbileko ingurunea" zaintzeari buruzko sentsibilizazio eta kon-tzientziazio ekintzak ere egin dira, "itsas zaborraren mehatxuari" aurre egiteko.

Ekimena Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arroetako udalerrietan garatu da, eta sustatzaileek "ibaian gorako itsas zaborren problematika" nabarmendu nahi izan dute; "itsas ingurunean dagoen zaborraren %80 lehorreko jardueretatik datorrelako".

Asensioren esanetan, Plastifisharen Kostera lankidetzaren adibide argia izan da, "itsasoko zaborraren mehatxua ikusarazteko, baita hurbileko ingurumenaren kontserbazio aktiboan herritarren inplikazioa pizteko ere".

Ekosistemari begira

"Kontuan izan behar dugu itsasoko plastikoen arazoak ez diola soilik itsasoari eragiten, baita gure ekosistemei eta pertsonei ere; izan ere, arrainak jaterakoan, lurrean egiten diren giza jarduerek eragindako mikroplastikoak ere jaten baititugu", adierazi zuen.

Aurten egitasmoan parte hartu duten Gipuzkoako hamabi ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 900 ikaslek itsasoko zabor bilketak, eta prestakuntza zein prebentzio ariketak egin dituzte. Eta Bigarren Hezkuntzako zortzi ikastetxetan, tokiko 110 proiektu eta hainbat unitate didaktiko jarri dira martxan.