- Lanbide Heziketaren enplegagarritasuna handitzera etorri da prestakuntza duala. Hori horrela, Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratuan argi daukate duala dela bidea, baina "ez dela edonorentzat" azpimarratzen dute, "lana eta ikasketak uztartzeak suposatzen duen esfortzua egiteko prest egon behar baitu ikasleak".

Zein garrantzi du gaur egun prestakuntza dualak Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratuan?

-Prestakuntza duala lehen lerroan kokatzen dugu gure ikastetxean, ikastetxeko helburu estrategikoetako bat da. Ikasleak bere ikasketetan osotasunean garatzeko erabateko garrantzi dauka. Ikastetxeko tituludunen herenak dual formatuaren alde egiten du. Bestalde, ikasleak egin behar duen esfortzua goraipatu nahiko nuke, aldi berean lana eta ikasketak uztartu behar dituelako.

Lanbide Heziketak dualari ekin zionetik, zein izan da bere eboluzioa?

-Goranzko ibilbide nabarmena egin du. Egia covidak dena jarri duela hankaz gora, baina berandu baino lehen aurreko egoerara itzuliko garela uste dut. Enpresak erreleboaren beharrean daude; jubilazio asko aurreikusten dira datozen urteetan, eta beraz, eskulan kualifikatua beharko dute. Langile berriak erakartzeko tresna benetan interesgarria da prestakuntza duala.

Enpresekin duzuen harremanean nola eragiten du modalitate dualak?

-Ikasle bakoitzak proiektu pertsonalizatua du eta ikastetxean zein enpresan tutore bana egokitzen zaio. Bigarren mailako ikasleei enpresak urtebeteko kontratua egiten dio. Udan, uztaila eta abuztuan, jardunaldi osoan egoten da enpresan, beraz udako oporrik gabe gelditzen da. Irailetik martxora bitartean, eskolan eta enpresan jardunaldi erdira egoten da, eta martxotik aurrera, berriz, jardunaldi osora itzultzen da berriro. Enpresan dagoen bitartean, ikasle horri jarraipena egiten zaio eta ondorioz ikastetxe eta eskualdeko enpresen arteko harremana are estuagoa bihurtzen da.

Ikasleek esfortzu handia egin behar dutela aipatu duzu. Zer transmititzen dizuete euren esperientziari buruz?

-Orokorrean, esperientzia oso positiboa izaten da, baina egia da duala ez dela edonoren-tzat. Izan ere, prestakuntza duala egiteko baldintza akademiko batzuk bete behar dira, alegia, lehen mailako modulu guztiak gaindituta edukitzea. Baina emaitza akademikoez aparte, ikasleak oso argi izan behar du esfor-tzua egiteko prest egongo dela.

Zenbat titulu eskaintzen dituzue dualean?

-Ziklo guztiak dual formatuan egiteko gaitasuna daukagu eta horrek gure eskaintza are erakargarriagoa egiten du. Dualaren aldeko apustua egiten duten ikasle guztiek dute aukera; enpresen falta ez daukagu, hortaz, ez da ikaslerik kanpoan gelditzen. Enpresen demanda handia da. Gainera, dual modalitatea aukeratzen duten ikasle gehienak enpresan bertan jarraitzeko aukera izaten dute.

Hezkuntza eskaintzaren harira, eskain-tza berririk ba al duzue datorren ikasturtera begira?

-Bai, datorren ikasturtean kirolarekin erlazioa duten bi ziklo berri eskainiko ditugu: Natur ingurunean gorputz eta kirol ekintzen gidaritza (erdi mailakoa) eta Egokitzapen fisikoko goi mailako teknikaria.

Nola eragin dizue pandemiak ikastetxean?

-Orokorrean, pozik gaude. Ordutegiak moldatu ditugu ziklo ezberdinetako ikasleak banatuta egoteko, burbuilak sortu ditugu, etabar. Kurtsoa aurrera atera dugu, gauzak ondo egin ditugun seinale.

Zein berezitasun dituzte kiroletako ziklo berri horiek?

-Tolosaldea LHII gizarteko beharretara moldatzen da, eta kiroletako zikloen ezarpena nahi historiko bat da. Tolosa eta inguruan giro kirolaria betidanik egon da eta nahi hori eta merkatuaren beharrak asetzeko asmoz hartu dugu erronka. Tolosako Udalarekin akordio batera iritsi gara eta ikastetxeko instalakuntzak erabiltzeaz gain, udaleko kirol instalakuntzak erabiltzeko aukera izango dugu: Usabal polikiroldegia eta Berazubi estadioa.

Lanbide Heziketaren ibilbidea sendoa da Euskadin. Zeintzuk dira bere indarguneak?

-Lanbide Heziketakoak oso ikasketa praktikoak dira, lanbide zehatzetara egokitutakoak baitira, eta lan merkatuan sartzeko aukera altuak eskaintzen ditu. Horrez gain, ibilbide luzea egin daiteke gaur egun, erdi mailatik goi mailara, eta goi mailatik unibertsitatera joateko aukera baitago.

Lanbide Heziketan pentsatzen ari den ikasle bati edota zalantzan dagoen bati zer esango zenioke?

-Bi urtetan titulua ateratzeko aukera ematen du eta jarrera ona izanez gero, lan merkatuan sartzeko aukerak oso altuak dira. Hori bai, pilak kargatuta etortzeko esaten diegu, konturatzerako lan merkatuan sartzeko aukera dutelako.

Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratuak, berriz, zein berezitasun edo indargune ditu?

-Ikastetxe publikoa izanik, Tolosaldeako eskualdeko DBH eta Batxillegoko ikastetxeekin zein eskualdeko enpresa eta eragile publikoekin harreman sendoak ditugu. Haiekin dugun elkarlana azpimarratuko nuke. Bestalde, ikastetxe euskalduna da gurea, ziklo guztiak D ereduan eskaintzen ditugu Tolosaldeako hizkuntz errealitateari egokituz. Aldi berean, internazionalizazioari ematen diogun garrantzia goraipatuko nuke, aurten KA2 proiektuaren bitartez inklusioa lantzen ari gara Europako beste bost herrialderekin elkarlanean.