Ikastolak | Kilometroak urriaren 3an ospatuko da Beasain, Lazkao eta Ordiziako ikastolen eskutik

Oraindik egitaraua zehazteko badago ere, pandemiara egokitutako neurriak beteko dituela azaldu dute antolatzaileek

23.03.2021 | 13:52
Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria eta Goierriko ikastoletako ordezkariak Kilometroak 2021-en aurkezpenean.

Gipuzkoako ikastolen Kilometroak jaia 1977an ospatu zen lehenengo aldiz, Beasain eta Lazkao artean. Aurten, 45. edizioa egingo dute urriaren 3an eta bere jaioterrira itzuliko da jaia: Beasainen, Lazkaon eta Ordizian izango du kokalekua. Hurrenez hurren, Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuko dute Batera, bagara, bat gara lelopean eta Kilometroak-en helburua euskararen eta euskal kulturaren plaza izaten jarraitzea izango da, baina pandemia egoerara egokituta, eskala xumeago batean.

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo ekimena eta bertan parte hartu dute Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletako ordezkariek. Halaber, bertan izan da iazko Kilometroak antolatu zuen Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako Nerea Zumeaga zuzendaria ere, eta Kilometroen lekukoa eman die Goierriko hiru ikastoletako ordezkariei.

"Historikoki Ikastolen jaiak plaza erraldoiak izan dira euskarari eta euskal kulturari eskaintzeko. Aurtengoa desberdina izango da. Euskara eta euskal kulturari tokia emango diegu noski, baina baita gure arteko elkarlanari eta parte-hartzeari ere. Gure arteko saretzea indartu, elkarlana bultzatu eta ikastolen ezaugarriak plazaratzeko aukera ematen duten ekimenak gauzatuko ditugu. Herritik, herriarekin eta herriarentzat", azaldu du Artolak. Horretarako, dagoeneko hainbat ekimen nazional jarri dituzte martxan: Euskal Ikastoletan barrena dabilen Liburu ibiltaria deritzona eta 14-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen Euskal Herriko Komiki Lehiaketa, besteak beste. "Lehenbiziko bi ekimenak dira, ez bakarrak, ordea. Gerora etorriko dira beste batzuk", nabarmendu du Artolak.

Jaia ofizialki urriaren 3an ospatuko da eta oraindik egitaraua itxi gabe badago ere, urte guztian zehar antolatuko dituzte Kilometroak-ekin lotutako ekintzak. Ekimen horiek guztiek honako ildoak izango dituzte ardatz: Herri bat gara, euskara gara, komunitate bat gara edo Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara, besteak beste. "Alegia, ikastolen kolektiboa azpimarratuko dugu ekitaldi horietan", azaldu du.

LELOA ETA IRUDIA


Aurtengo leloa aukeratzeko prozesua irekia eta parte hartzailea izan da. Gipuzkoako DBH 1 eta 2ko ikasleei eman zaie hura proposatzeko aukera eta 241 lelo proposamen jaso dituzte guztira. Horietatik bost izan ziren aukeratuak eta Gipuzkoako ikastolak izan dira bost lelo horien artean garailea aukeratu dutenak: Batera, bagara, bat gara. "Leloak Euskal Herri guztiko ikastolen batasuna, gure izatearen aldarrikapena eta zatiezintasuna adierazten ditu", adierazi du.

Logotipoari dagokionez, leloa oinarri hartuta garatu du Ikastolen Elkarteko diseinu taldeak. Ikastolen batasuna bat zenbakiarekin irudikatu dute, baina zenbakiaren barnealdea elementu ugarirekin osatu dute; aniztasuna islatzen duten tamaina, forma eta kolore desberdinekin. "Gure herriek, herritarrek eta gure ikastolek dugun aniztasuna erakusten du logotipoak", nabarmendu du.

IKASTOLA ANTOLATZAILEAK


Euskal Herri osoan 111 ikastola daude eta orotara, 57.000 ikasle eta 5.000 langile inguru biltzen dituzte. Aurtengoan Goierriko hiru ikastolak arduratuko dira Kilometroak antolatzeaz eta helburu nagusia hiruren arteko "harremanak sendotzea" izango da. "Eta bertan, gure ikasleek, langileek eta familiek dagoeneko iritsi den aro berri honi indarrez betetako erantzun partekatu bat ematea, mende hasieran ikastolak sortu zirenean bezala, eta Kilometroak lehenengo aldian antolatu zenean bezala", azaldu du Itziar Flores Beasaingo Andramendi ikastolako ordezkariak hiru ikastolen izenean.

Aurtengo Kilometroak xumea izango bada ere, hasierako hura bezain "ameslari eta asmo handikoa" izango dela nabarmendu dute amaitzeko.