Ipuruan jokatuko da gaur denboraldi honetako F Ligako gipuzkoarren arteko lehen derbia (12.00etan). Eibar eta Reala oso egoera kontrajarrian eta jokatzeko modu oso desberdinarekin lehiatuko dira elkarren artean.  

Armaginak hamaikagarren postuan daude zazpi punturekin, eta etxean puntu bakarra lortu dute. Realaren aurka Ipuruan lehen garaipena lortzen saiatuko da Iñaki Goikoetxeak zuzentzen duen taldea, eta, horretarako, denboraldiko lehen gola sartu beharko du bere estadioan.

Eibartarrek arazoak dituzte golak sartzerako orduan, hiru baino ez dituzte sartu ligako lehen zazpi partidetan. Aitzitik, defentsa dute euren bertuterik handiena eta, gainera, Eunate Astralaga atezain eibartarra sasoi betean da, horren erakusgarri, estatuko selekziora deitu izana. 

Realak, baja ugarirekin

Reala, aldiz, sailkapeneko laugarren postuan iritsiko da derbira, hamalau punturekin bigarren sailkatuarekin berdinduta. Arturo Ruizen taldea beldurra ematen duen bisitaria da, zor-tzi puntu lortu baititu etxetik kanpo eta porrotik ez Zubietatik urrun. Gaurkoan, ordea, baja ugari izango ditu Realak. Talde txuri-urdinak ez du Eibarren moduko arazorik aurkariaren ate aurrean, ligako laugarren talderik golegileena da dagoeneko hamahiru sartuta. Jokalaririk arriskutsuena, lau gol sartu dituen Edna Imade da. Tamalez, denboraldi honetan hiru gol sartu dituen Aiara Agirrezabala ezingo du Ruizek zelairatu. Berastegiko 17 urteko hegalekoak orkatila bihurritu du aste honetan eta ezin izango du bere lehen derbia jokatu. Arola Apariciok ezingo du jokatu azkenean, eta, Alazne, Apari eta Nerea Eizagirre ere ez dira deaialdian sartu. Ruizek, ordea, bigarren taldeko Nahia Zunzunegi ordiziarra deitu du. 

Berdintasuna izan da nagusi gipuzkoarren arteko azken derbietan. Joan den denboraldian bi partidak berdinketarekin amaitu ziren, eta aurre-denboraldian ere bi taldeek berdinduta amaitu zuten Lakuntzan jokatutako partida. Ondoren, gol bakarraren aldearekin nagusitu zitzaion Eibar Realari Euskal Kopan.