donostia - Euskotrenek jakinarazi duenez, 41.167.036 bidaiari izatera iritsi zen 2019an eta, horrela, historiako datu orokor onenarekin itxi du 2019ko ekitaldia (trena, metroa, tranbia, funikularra eta autobusak batuta). Iazko balantzean ikusten denez, Topoak gero eta garran-tzia handiagoa du; Gipuzkoan hauxe izan zen erabiltzailetan gehien hazi zen zerbitzua, eta datu horrek indartu egiten du eraikitze fasean dagoen Donostiako igarobidearen proiektua. Beste datu esanguratsu bat aipatzekotan, Donostiako Aste Nagusiko egun handiaren bezperan, abuztuaren 14an, mugitu zituela operadoreak bidaiari gehien.

Garraio moduak aztertuta, trena da erabiliena; garraiobide hau hautatu zuten bidaiarien %58k, zehazki 23.856.799 pertsonek, aurreko urtean baino %6,11 gehiagok.

Hasieran adierazi bezala, Topoa da Gipuzkoan gehien hazi dena, %7,02 Amara eta Hendaia artean, eta % 11,85 Lasarte eta Amara artean.

Gipuzkoan guztira, 13.064.792 bidaiari izan dira, 2018an baino %6,48 gehiago. Hori guztia, kontuan izanik Deba eta Zumaia artean etena dagoela eta tren-aldaketa egitea ezinbestekoa dela, eta horrek, bidaiarien %11,07 galtzea ekarri duela abenduan Eibar-Zumaia korridorean.

Bizkaian, Bilbo eta Zornotza arteko zatiak izan du bidaiari hazkunde handiena, % 9,74. Bidaiak, guztira, Bizkaian, 10.792.007 izan dira, %5,66 gehiago. Datu horietan, etengabeko hazkundean jarraitzen duen (+%5,90) 3. linea ere zenbatu da.

Tranbia-zerbitzuei dagokienez, Gasteizko tranbiak 2018ko marka hautsi du berriz, 8.338.025 pertsona kopurura iritsiz; otsailean unibertsitateraino joango den adarra gehituko zaio, eta tranbia "extraluzeak" ere abian jarriko dira.

Bestalde, Bilboko tranbiak emai-tza positiboak izan ditu berriro: aurreko urtean baino % 2,23 bidaiari gehiago, 3.059.513raino iritsiz.

Tren eta tranbia geltoki erabilienak Amara (2.355.818), Anoeta (1.050.043) eta Irun (878.809) izan dira Gipuzkoan; Durango (491.842), Ermua (429.372) eta Bermeo (262.471) Bizkaian; Erribera (306.163), Abandoibarra (292.892) eta Uribitarte (292.393) Bilboko tranbian; Angulema (1.413.580), Legebiltzarra (1.159.608) eta Europa (798.150) Gasteizko tranbian; eta Alde Zaharra (3.320.659), Uribarri (698.162) eta Otxarkoaga (694.591) metroaren 3. linean.

Jende gehien bildu zen egunei dagokienez, Gipuzkoan abuztuaren 14a izan zen, Aste Nagusian bete-betean; Bizkaian berriz, urriaren 28an, Gernikako urriko azken asteleheneko ospakizunarekin. Arabar hiriburuan abenduaren 19an izan ziren tranbiaren erabiltzaile gehien.

Datuekin amaitzeko, Euskotrenek kudeatzen dituen Gipuzkoako kon-tzesioetako autobusen erabilerak ere %1,51ko hazkundea izan du: 3.111.580 bidaiari guztira.