Zubiak Eraikiz: bi lurraldeetako ikastolen arteko elkarlana sustatzeko egitasmoa
Gipuzkoa eta Iparraldeko ikastolen arteko harremana indartzeko asmoz, Orereta Ikastolak 'Zubiak Eraikiz' egitasmoari bultzada eman nahi dio Kilometroen laguntzarekin
Ikastolen ereduak etorkizuna baduela aldarrikatzea, horixe da Kilometroen funtsa. Izan ere, euskara eta elkarlana ardatz izanik, mugimendu bizia osatu dute Euskal Herri osoko ikastolek, baina badira bidean aurrera egiteko laguntza behar dutenak; Iparraldeko eta Nafarroako ikastolei buruz ari gara.
Testuinguru horretan, 2016. urtean Zubiak Eraikiz egitasmoa abiarazi zuen Orereta Ikastolak Lapurdiko lau ikastolekin batera. Hitzarmena sinatu eta hurrengo hiru urteetan hainbat ekimen antolatu zituzten bi lurraldeetako ikasleen arteko harremanak sendo-tzeko: Euskaraldia, Korrika, ikasleen arteko topaketak, harreman dinamikak, eta abar. Baina 2020. urtean pandemia iritsi zen eta egitasmoak indarra galdu zuen.
"Une honetan, Iparraldeko eta Nafarroako ikastolek guk baino egoera larriagoa bizi dute eta horiei laguntzera bideratuko dugu diruaren zati bat, elkartasuna baita ikastolen oinarrietako bat"
Hori horrela, ekimenari bultzada eman nahi dio orain Orereta ikastolak eta Kilometroen diru-etekinen parte bat Zubiak Eraikiz egitasmoa indartzera bideratuko du. Izan ere, ikastola horietako gazteak elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiteko ekintza gehiago antolatzeaz gainera, Nafarroako ikastoletara zabaldu nahi du egitasmoa: “Harreman dinamikarekin jarraituko dugu, gelak eta irakasleak harremanetan jarriz. Bestalde, topaketak sustatu nahi ditugu hainbat ekimenen eskutik: Korrika, ikastoletan egun pasak eginez eta ikasleek beste lurraldeko familien etxeetan egonaldiak eginez. Horrez gain, ikasturte honetan hitzarmena berritu nahi dugu, Nafarroako ikastolei egitasmoan parte hartzeko gonbidapena luzatuz. Bera eta Lesakakoekin harremanetan gara dagoeneko”, argitu dute Orereta Ikastolatik.
Giza-katea eta Adaxka Berriak
Ekimena berrindartu nahi badu ere, iazkoa ikasturte bereziki emankorra izan zen, Orereta Ikastola Kilometroen antolakuntzan erabat murgilduta baitzegoen: martxoan, esate baterako, Euskal Herriko 50 ikastolek hartu zuten parte euskara batuaren aldeko giza katean; eta apirilean, Adaxka Berriak ekimena antolatu zuten Baionan, Ziburu eta Hendaiako ikastolekin batera. Proiektu honen bidez, 2. mailako ikasleek tradiziozko sei euskal kanten moldaketak ikasi zituzten Landarbaso Abesbatzaren eskutik. Baionan kontzertua eskaini ondoren, maiatzean Errenterian elkartu ziren, Musikasteren barruan. Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa eta Euskal Kultur Erakundea (Ipar Euskal Herrian euskararen eta euskal kulturaren garapena eta hedadura helburu dituen erakundea) izan dituzte bidaide proiektu honetan.
“Urteetan, ikastolak elkarlanean aritu izan dira eta elkarlan horrek ikastolen mugimendu bizia sortu du, euskararen lurralde osoa, Euskal Herri osoa, barne hartzen duena. Ikastola guztiak ez daude egoera berean, ordea. Une honetan, Iparraldeko eta Nafarroako ikastolek guk baino egoera larriagoa bizi dute eta horiei laguntzera bideratuko dugu diruaren zati bat, elkartasuna baita ikastolen oinarrietako bat”, azpimarratu dute Orereta Ikastolatik.
Temas
Más en Actualidad
-
Ucrania, pionera mundial en destruir un avión de combate ruso con un dron náutico
-
El Comité de análisis del apagón crea dos grupos de trabajo
-
"Hay que recordar la historia para que no vuelva a suceder porque está pasando"
-
Movimiento de pensionistas vasco pone el "colofón" final a la campaña de ILP con más de 120.000 firmas recogidas