Zinemaldiaren testuinguruan antolatu ohi den Euskal Zinemaren galan, Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiaren Arnasa Betean dokumentala aurkeztu zen atzo. Behin Paco Sagarzazuri Zinemira saria eman ostean etorri zen euskal emakume zinemagileei aitortza egiteko unea. Gizarteko esparru guztietan gertatu bezala, zinemagintzan ere sekulako aldea egon da gizonek eta emakumeek izandako aukeren artean. Hori isla- tzeko xedearekin abiatu zuten proiektua Gaztelumendik eta Zufiak. Historikoki eta, gaur egun, filmak zuzentzera iritsi direnak “esfortzu handiarekin eta oztopo handiak gaindituz” lortu dute iristea, bidean “talentu asko” geratu delarik, esan zuten egunkari honekin izandako elkarrizketan. “Eta hala ere, ikusezinak izan dira”, gaineratu zuen Gaztelumendik. Kazetari irundarrarentzat ez da lehen aldia izan kameraren atzean. Izan ere, emakumeen ikusgaitasunaren inguruko lanekin eraiki baitu bere filmografia. Zufiarentzat bai, Arnas Betean du bere lehen pelikula. Lanak bi ardatz nagusi ditu: emakume zinemagileen ekarpena eta baita haien egoera profesionala ere. Itsasoaren metaforak bustitzen du gainera, film luze guztia.

Gero eta ohikoagoa bihurtu da jaialdietan euskal emakume zinemagileen lanak topatzea. Aurtengo Zinemaldian, esaterako, Isabel Herguera eta Jaione Camborda donostiarrak Urrezko Maskorra lortzeko lehian dira Sail Ofizialean. Berlinen saritua izan zen Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas pelikulak, aldiz, Zinemira saila inauguratu zuen orain egun batzuk. Horietako batzuen testigantzak ere filmatu dituzte dokumentalean. Herguera eta Urresolaren iritziez gain, besteak beste, Leire Apellaniz, Iratxe Fresneda, Maddi Barber, Mireia Gabilondo eta Bego Vicariorenak ere jaso dituzte. Gainera, Deustuko iker- tzaile Maria Pilar Rodríguezek XX. mendeko emakume zinemagile nagusiak errepasatzen ditu –bera izan zen, hain zuzen ere, Euskal Filmategiak argitaratutako Euskal Emakume Zinemagileak liburuaren koordinatzailea–.

Gizarteko beste alorretan ere, “ekintza positiboak” aurrera eraman dira Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorean. Horren adibide, esaterako, 2018an Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Noka Mentoring ekimena, Euskadin eta Nafarroan bizi diren emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuei tutore- tza eskaini, lagundu eta eskutik eramatea helburua duena. “Laguntzek berebiziko beharra eta zentzua daukate, zinegileek ere horrela aitortu digute”, esan zuen bikoteak, jarraian gehituz “gaur egun ematen ari den loraldian” eragin zuzena dutela. “Oreka lortu arte beharrezkoak izango dira laguntzak”, berretsi zuten.

Aurrerapausoak eman dira, bai, baina Zufiak eta Gaztelumendik zuhur ibiltzeko aldarria ere egin nahi izan zuten. “Urrats handiak eman dira, baina datuek diote berdintasunetik urrun gaudela”, zioen Zufiak. Hain zuzen ere, finantziazioa lortzea izan da historikoki arazo nagusietako bat. Ekoizpenerako dirua biltzeko garaian, gizonek baino arazo gehiago izan ohi dituzte emakumeek –batez beste, aurrekontuak %41 txikiagoak izan ohi dira–.

Horrek, noski, eragin zuzena dakar zinema egiterako garaian. Askok dokumentalgintzara jo izan dute, ez-fikzioa ekoiztea fikzioa egitea baino merkeagoa delako. Oztopoak oztopo, dudarik gabe, topa litezke “kalitate”, “aniztasun” eta “interes handiko” filmak eta zinegileak. Gainera, gizonak baino beranduago hasi ohi dira zinemagintzan eta, ondorioz, ibilbide laburragoa izaten dute. Are gehiago, Zinemaldiak berak argitaratutako txostenetan ageri denez, lehen lana ekoiztu ostean, emakume gutxik lortzen dute bigarren pelikula bat garatzea. Beste datu argigarri bat, horren harira: Estatu mailan Zinemagintzan eta Ikus-entzunezkoan ibiltzen diren emakumeen elkarteak argitaratutako ikerketa batek dioenez, sektorearen %37 baino ez dira emakumeak. Zuzendariei dagokionez, zifra %24ra jaisten da. Ondorioa “argia da”, dio Gaztelumendik. “Ez gaituzte zinema egiteko gai ikusten. Hori horrela izanda nekez lortuko dugu mundu horretan sartzea”, esan zuen Gaztelumendik. Halere, haiek eta baita elkarrizketatutako zinegileak ere, etorkizunaren aurrean itxaropen- tsu agertu ziren. “Errealitatea hau da: hemen gaude eta, ondorioz, optimistak gara”, esanez amaitu zuten.