Zinemaren munduan familia-kontziliazioa errealitate bihurtzen laguntzea. Horixe da, aurten ere, Donostiako Zinemaldian martxan jarri den Puxika Gorria ludotekaren helburu nagusia. “Gurasoak lanean ari diren bitartean, haurrak ludotekan daude gurekin”, dio Ainhoa Muniateguik, proiektuaren eragile eta arduradunetako batek. Pasa den irailaren 16an ireki zituen ateak eta hilaren 24ra arte buru-belarri ibiliko dira.

Ekimenaren laugarren edizioa da aurtengoa; beste behin ere, San Telmo Museoaren bigarren pisuan kokatu da Puxika Gorria, etxeko txikientzat Zinemaldiko txokorik kutunena, jolasen paradisua. Ludoteka hau zazpigarren artearen munduan kontziliazioa bultzatzeko sortutako Red Balloon Alliance (Puxika Gorria Aliantza) taldearen baitan kokatzen da. Kasu honetan, Zinemaldian “lanean edota akreditatuta dauden familiei zerbitzua” eskaintzen ari dira.

Puxika Gorriaren ezaugarri nagusietako bat malgutasuna da, Muniateguik behin eta berriz azpimarratzen duenez. Malgutasuna haurrak bertan egoteko ordutegiari dagokionez, baita adina kontuan hartzerako garaian ere. “Familia askori gertatzen zaie” adin txikiko seme edota alaba uzteko aukera izatea ludotekaren batean, baina zaharragoa dena ez, eta alderantziz; “hau da apurtu nahi dugun traba”, azpimarratu du Puxika Gorriko arduradunak. Hona sei hilabete eta hamabi urte arteko haurrak etor daitezke.

Ludoteka, landu nahi den trebeziaren araberako txokoetan antolatuta dago. Matematika eta logikaren munduaz gozatzeko, bingoak, memoria jokoak, ilunpetan eta linternekin osatu beharreko puzzle bereziak dituzte alderdi batean; koordinazio motorea, da protagonista, aldiz, gaztelu puzgarria, zinemarekin erlazionaturiko pasarela edota mozorroak nagusi diren txokoan; irudimena garatzen laguntzeko, azkenik, tailer ezberdinak egin dituzte egun hauetan zehar.

Tailerretan kometak, bitxiak edota xaboiak egin dituzte haurrek; “birziklatutako gauzak erabiltzen saiatu gara, bizitza berri bat ematen”, azpimarratu du Muniateguik. Ekintza horietan haur guztiek parte hartu badute ere, adinaren arabera egokitu dira. “Adibidez, 15 hilabetekoen kasuan, guk egin ditugu kometak eta eurek estanpazioak ipini dituzte kotoizko seiluekin. Zazpi urteko batek, berriz, idazki batzuk egin ditu gometxa berezi batzuk erabiliz”, azaldu du arduradunak.

Zinemaldian nolabait parte hartzen dabiltzan gurasoen seme-alabak Puxika Gorrian jolasean aritzeko, normalean aurretik erreserbatu behar izaten da lekua, baina momentuan bertara joan eta lekurik egonez gero ere posible da sartzea. Izan ere, hogei haurrentzako lekua baitute ludotekan “asko jota", baina malgutasunari esker, ez da inoiz bete; eta "zorionez zerbitzua arazorik gabe eskaini dugu”.

Festibal honetara munduko leku ezberdinetako jendea datorrenez, Puxika Gorrian ere hainbat herrialdetako haurrak dabiltza. Hori dela eta, Ainhoa eta gainerako langileek -bi, hiru edota lau pertsona, momentuaren arabera- zerbitzua euskaraz, gazteleraz eta ingelesez eskaintzen dute. Hala ere, txikien artean ez omen da komunikazio arazorik izaten; “haurren mundua eta gure ludotekako oinarria jolasa da, eta jolasarekin edonora joan gaitezke”.

Ekimenak “oso harrera ona” izan duela dio Muniateguik, kontziliazioa geroz eta premiazkoagoa sentitzen duelako gizarteak. Aurreko urtean gerturaturiko pasarte batek ezin hobeto azaltzen du eibartar honek daukan sentipena; “ni kanpotarra naiz eta ez nuke pentsatuko Donostian osasun zerbitzurik ez dagoenik. Niretzat hau osasuna da eta ludoteka egotea beharrezkoa da, bai ala bai, erabili ala ez”, laburbildu du.

Ludoteka ibiltaria da Puxika Gorria. Zinemaldiaz gain, Iruñeako Punto de Vista festibalean ere izan da; Berlinalen eta Cannesen, berriz, presentzia digitala izan du. Hau ez da, ordea, Muniateguiren proiektu nagusia; Zorionak Kids & Party ludoteka eta jostailu denda zuzentzen du Eibarren Alberto Sanchezekin batera, eta aldi berean, saltoki horren bitartez, Puxika Gorriaren partner edo laguntzaileetako bat ere badira.

Datorren larunbatean, irailaren 24an amaituko da Zinemaldia. Ordura arte, goizeko 10.00etatik arratsaldeko 18.00ak bitartean, haurrek Puxika Gorrira gerturatzeko aukera izango dute; egunean gehienez sei ordu eman ditzakete bertan, baina nahi bezala banaturik. Hiru sarrera mota ezberdin daude: egunekoa, 15 eurotan, hiru egunekoa, 30 eurotan eta aste osokoa, 50 eurotan. Prezio “guztiz sinbolikoa”, modu batera zein bestera laguntzen duten enpresei eta erakundeei esker. “Denon artean lortzen dugu aurrera eramatea”, dio pozik Muniateguik.