Marianton parkea gehien erabiliko dutenak haurrak izanik, haiek zehaztuko dituzte proiektu berria egiteko irizpideak. umaiako Udalak 2022ko aurrekontuetan txertatu zuen Marianton parkea berritu eta estalpea egiteko beharrezko aurrekontua. Hala, hiru eskoletako hamalau haurrek osatzen duten kontseilua aisialdiaren inguruko diagnostikoa egiten ari da.

Irailetik hona aisialdiaren inguruko diagnostikoan murgildu dira, bertan zehazten diren lan-ildoetatik abiatuta hurrengo urteetan Haurren Kontseiluan lantzeko. Lehenengo saioan "aisialdia" hitza elkarrekin definitu zuten eta mapa kontzeptual bat sortu zuten. Bigarren saioan Zumaian aisialdiaren alorrean dauden indarguneak identifikatu zituzten honako galderei erantzuna emanaz: zer dauka Zumaiak edo zer dago Zumaian gustatzen zaiguna? Zer erabiltzen dugu? Eta zergatik gustatzen zaigu? Zer da horretan balioan jartzen duguna? Hurrengo saioan ariketa berdina egin zuten, baina begirada ahulguneetan jarrita. Ekainean berrekingo diote hausnarketa prozesu horri.

Otsaileko bileran, berriz, Iñaki Ostolaza alkatearen bisita izan zuten, eta haurrei proposatu zien Mariantongo parke berriaren ezaugarriak beraiek zehaztea.

Zentzu honetan, dagoeneko identifikatuta zuten Zumaian parke estaliak behar zirela, eta Zumaiako Udalak borondate hori izanda, Haurren Kontseiluko partaideek erronkari heldu zioten, eta dagoeneko hasi dira parkearen ezaugarrien eta jolas moten inguruan hausnartzen. Bi saio erabiliko dituzte parkea diseinatzeko. Horrez gain, Zumaiarekin lotutako haurren gomendioak entzun, eta haiek zituzten zalantzak argitzeko tartea eduki zuen alkateak.

2020an Oinherri egitasmora eta Haurren Hiria sarera batu zen Zumaia. Udalak "herri hezitzailea" izateko konpromisoa hartu zuen lankidetza hitzarmen horiekin. Haurrentzako eta haurrekin sortutako herri bat izatea suposatzen du horrek, haurren kulturaren aitortzatik abiatuta. Gainera, halako sareetan parte hartzeak haurraren ikuskera berri bat dakar: haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, eskubidedun herritartzat aitortzen da.