Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa irailaren 16an abiatu zen. Aurtengo festibalean emango diren aintzatespenen artean Zinemira Saria dago, eta 2022 honetan teknikarien kolektiboari luzatuko zaio. “Bazen garaia”, dio Paul Urkijo zuzendariak; “normalean ez dute inolako ikusgarritasunik izaten eta oso polita da haiek aintzatestea”.

Bereziki, Txema Areizaga izango du gogoan sari horrek, pasa den azaroan zendu zen argi teknikari aitzindaria. “Azken 30 urteetan Euskadin eginiko ikus-entzunezko gehienetan parte hartu du, zuzenean ez bada zeharka”, dio Marian Fernandez ekoizleak; Areizagak euskal zinemaren munduan izandako pisu eta garrantzia agerian utziko du aintzatespenak.

Hamarkada luzetako ibilbidea izan zen Areizagarena. Zinemaren munduan hasi eta urte batzuetan lanean aritu ostean, 1992an Argilun luminoteknia enpresa sortu zuen, beste kide batzuekin batera. Horri esker, sektoreak Euskal Herrian izugarriko hobekuntza jasan zuen arlo teknikoan, kalitateari dagokionez. Ideia hori behin eta berriro errepikatu dute egunkari honekin solasean aritu diren zinemaren industriako langileek: Paul Urkijo zuzendariak, Asier Altuna zuzendariak, Marian Fernandez ekoizleak eta Ricardo Aranburu argi teknikari eta arduradunak. Azken hau Argiluneko kide ere bada eta Areizagarekin lanean jardun zuen eskuz esku azken 30 urteetan. “Bere anaia bidekoa naiz”, dio laburbilduz, elkarren arteko harreman estua azaltzeko.

Hala ere, laurek dituzte esker oneko hitzak Areizagarekiko. “Asko zor diot nik Txemari”, dio Urkijok eta adibide gisa, bere lehenengo korto erdi-profesionalean argiztapenarekin lagundu ziola kontatzen du. “Proiektu bat martxa jarri behar nuen aldi oro, berarekin kontaktatzen nuen lehenik eta behin”, ziurtatu du Fernandezek, bere ekoizpen orotan “guztiz ezinbestekoa” zela gehituz. “Lankide izateaz gain, lagun handia zen”, azpimarratu du Altunak. Guztiek elkarbanatutako sentipena dela nabari da, baita azpimarratzekoa ere; hainbeste ahotsen diskurtsoa izanik, Areizagaren bihozberatasuna ondorioztatzea besterik ez da falta.

Baina gizatasuna alde batera utzita, nolakoa zen filmatze prozesuan? “Pasio hutsa”, “oso langilea”, “filmazio animalia” eta antzerako espresioak errepikatu izan dira solasaldietan. “Argi munduan bi profil desberdin daude: oso teknikoa den edozein eta instintuarekin dabilena bestea”, azaldu du Aranburuk; Areizagaren kasuan, teknika eta jakinduria bere lan prozesuaren parte izanik, instintua nabarmentzen omen zen, film batean “argi polita lortzeko” ohiz kanpoko moduak irudikatzearena.

Laguntza eman

Azpimarratzekoa da baita ere teknikari horrek, premia zuen edonori laguntzeko zeukan prestutasuna. “Dakienak lagundu egiten du, ez du bere inpronta inposatzeko beharrik” gogora ekarri du Aranburuk. Eta halaxe egiten zuen Areizagak, askotan zinema munduan hasi berri zeudenekin edota aurrekontu handirik ez zuten proiektuekin.

Ekarpena: Sektorearen hobekuntza

Areizagak, eta orokorrean Argilunek egindako lanak eta ekarpenek nabarmen hobetu zuten euskal zinema industriako argiztapenaren kalitatea. “Kanpora alokatzera joan beharrik ez izatea oso ona zen; asko erraztu zigun filmatu beharreko proiektuekin gentozenoi ”, dio Fernandezek. “Garai batean ez zegoen ezer; kanpotik etortzen ziren denak. Orain ia beste aldera eraman gaituzte”, aitortu du Aranburuk; Jordanian filmazio batean dabilela erantzun ditu gure egunkariaren galderak, beraz, arrazoirik ez zaio falta.

Are gehiago, Argilun bera eskola moduko bat bihurtu zen, “zinema teknikarien laborategi” modukoa, Altunaren esanetan, bertan ikasi baitute gaur egun industrian aipagarriak diren profesional ugarik. Esaterako, Javier Agirre argazki zuzendaria edota Altuna bera, zuzendari izan aurretik hamar urtetik gora aritu baitzen makinista elektriko lanetan.

Guzti hori jakinda, argi asko dago teknikariek saria eta aintzatespena merezi dutela. Etamazken urte hauetan kolektiboak jasandako galerak kontuan izanda, are gehiago. Izan ere, Areizaga pasa den azaroaren 22an bihotzeko batek jota hil ostean, aurtengo otsailaren 27an Ioritz Apaolaza ekoizpen laguntzailea ere zendu egin baitzen trafiko istripu batean. Bien azkeneko filma izan zen Paul Urkijoren Irati, datorren urriaren 28an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astean ikusgai izango dena.

Edonola ere, Areizagaren heriotzak sektorea balantzaka utzi du, argi teknikari lanak ez ezik, sail ezberdinen arteko koordinazioa ere bere gain baitzeukan. “Euskal Herriko zinema berrezartzen” hasteko prozesuan dago momentuotan, Aranbururen ustetan, “Txema ardatz nagusi edo gailur moduko bat” baitzen. “Galera oso handia izan da eta izugarri botako dugu faltan”, dio Urkijok, hunkiturik. Beste behin, gainerakoekin elkarbanaturiko sentimendua hori ere.