Zinema industrian parte-hartzaile aktibo ez direnentzat, proiektu baten alde teknikoan zenbat pertsona aritzen diren jakitea zaila gerta daiteke. Marian Fernandez ekoizlearen esanetan, 40 teknikari baina gutxiagorekin “ia bideraezina” da film bat aurrera eramatea, zuzendaritza, ekoizpena, artea, kameragintza, argiztapena, soinua, argazkilaritza, jantzitegia, makillaje eta ile-apainketa eta beste zenbait arlo kontutan hartuz gero. Hala ere, filmazio setean, bataz beste 50 eta 60 pertsona izaten omen dira.

Paul Urkijo zuzendariak ere “gutxienez 50-60 pertsona beti” dabiltzala dio, baina zifra pelikularen tamainaren araberakoa omen da. Irati, bere azken filmaren kasuan, “200 pertsona izan ditugu lanean”.

Horren kolektibo zabal eta askotarikoa izanik, eta proiektuetan egiten duten ezinbesteko ekarpena kontuan hartuta, euren lana behar bezala aintzatesten ote den zalantza agerikoa da. Ricardo Aranburu argi teknikari eta arduradunak baiezkoa dio, bai publikoari era baita ekoizleei dagokienean ere; “argi dago zein den gure papera”, baieztatu du.

Beste batzuek, ordea, ez dute horren argi. Urkijok, adibidez, sail batzuen lanak besteenak baina ikusgarritasun handiagoa duela uste du; “polita litzateke ikusleak pertsona hauen lana gehiago ikusteko aukera balute”, dio, “filmazioek nola funtzionatzen duten” ikusaraziz.

Sarien bidezko aintzatespenari dagokionez, bai Urkijok eta bai Asier Altunak azkenaldian gero eta gehiago direla baieztatu dute, baita berauek beharrezkoak direla ere. “Guk ez dugu txaloen beharrik, baina etortzen baldin badira, jakina, gustura jasoko ditugu”, dio Aranburuk.