Estatu Batuetako Gidoilarien Sindikatuaren grebak kalte handiak eragiten jarraitzen du, eta atzerapenak izan dira hainbat produkziotan. Duela egun batzuk House of the dragon zen kaltetua, eta orain beste HBO serie bati, Euphoria, heldu zaio txanda.

Zendaya abeslaria protagonista duen fikzioaren hirugarren denboraldiaren estreinaldia aurreikusitakoa baino gehiago atzeratu liteke, grebagatik.

Varietyri egindako elkarrizketa batean, Jeremy O. Harrisek, ekoizleetako batek, Sam Levinson Euphoriaren sortzailea, gidoilaria eta zuzendariari buruz hitz egin zuen. “Bera ez da eskirola. David Zaslav, egin tratu bat. Horixe esango dut 3. denboraldiari buruz. Egin tratu bat, David. Erraza da” esan zuen, Warner Broseko CEOari zuzenduta.

Laster akordiorik lortzen ez bada, kapitulu-txanda berria konplikatu egin daiteke, protagonistetako batzuen agendak oso beteta daudelako. Zendaya eta Sydney Sweeney interpretatzaile oso eskatuak dira, eta agenda-bateraezintasuna egon liteke ekoizpena gehiegi luzatzen bada.

Euphoriaren denboraldi berriaren argumentua ez da ezagutzen, baina zurrumurru batzuen arabera, bost urteko denbora-jauzia egongo zen.

Zendaya edo Sydney Sweeney ez ezik, Jacob Elordi, Maude Apatow eta Hunter Schafer ere itzultzea espero da.