Abuztuaren 22an indarrean jarri zen 2/2024 Lege Organikoa, emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza parekideari eta presentzia orekatuari buruzkoa. Horren 9. xedapen gehigarriak edozenbat aldaketa eragin ditu Langileen Estatutuan, sexu-indarkeriaren biktimak lan-esparruan ere babesteko.Aldaketa horien artean, 53.4.b) eta 55.5.b) artikuluetan egindakoak daude, hurrenez hurren, kaleratze objektiboei eta kaleratze kolektiboei buruzkoetan, non ezarri diren auzitegiek kaleratzea deuseza izan dela adierazteko kontuan hartu beharreko betekizunetako batzuk.

Kontua da, aldaketok gauzatzean, beste egoera edo kolektibo batzuei begira ezarritako bermeak ezabatu direla, antza nahi gabe edo akats baten ondorioz. Horrek berarekin ekarri du zuzenak ez diren albiste ugari. Esaterako, zabaldu da baimenaldi jakin batzuk edo lanaldia egokitzea eskatu duten langileak besterik gabe kalera daitezkeela. Hortik, berri horrek eragin duen neurriz kanpoko zalaparta eta langile askorengan sor dezakeen ezinegona.

Bada, jarraian azalduko da, aldaketok gorabehera, langileok kaleratzea ez dela hain erraza. Beraz, idatzi honen bidez doakiela lasaitasun-mezua aldaketok ukitutako langileei.

Azalpenekin hasiz, kontuan hartu behar da auzitegiek kaleratzea deuseza dela adierazteko bi bide daudela. Bateko, deuseztasun arrunta deitu dezakeguna dago. Besteko, deuseztasun objektiboa dago.

Bada, 2/2024 Lege Organikoak Langileen Estatututan aldatu dituen bi artikuluak deuseztasun objektibo deritzonaren ingurukoak dira. Baina zertan bereizten dira deuseztasun arrunta eta objektiboa?

Deuseztasun arrunta dagoela adieraziko da, kaleratzea gertatu denean Konstituzioan edo legean debekatutako bereizkeria-arrazoia dela bide (adibidez, sexuan, desgaitasunean edo gaixotasunean oinarritutako bereizkeria), edo langilearen oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak urratzeagatik (adibidez, adierazpen-askatasuna, greba-eskubidea, babes judizial eragingarria edota ukigabetasun-bermea).

Kasu horietan, bereizkeria jasan edo oinarrizko eskubide edo askatasun publikoren bat urratu zaiola uste duen langileak horren inguruko zantzuren bat alegatu behar du demandan. Horrek berarekin dakar frogaren zama aldaraztea, hau da, enpresaburuak frogatu behar izatea kaleratzea ez dela gauzatu arrazoi horiengatik, ezpada zilegiak edo legearekin bat datozen arrazoiengatik. Baina enpresaburuak ez badu hori frogatzen,kaleratzea deuseza izango da, eta enpresaburuak langilea berriro onartu beharko du enpresan eta, hala denean, demandan eskatutako kalte-ordainakordaindu beharko ditu.

Aitzitik, deuseztasun objektiboaz hitz egiten da, legegileak beren-beregi ezarri dituelako kasu batzuk, non beti ulertuko den kaleratzea deuseza izan dela. Hain zuzen ere, halakoetan nahiko da ukitutako langileak demandan kasu horietarikoren batean dagoela adieraztearekin, frogaren zama aldarazi eta enpresaburuak frogatu behar izateko kaleratzea ez dela horregatik gauzatu. Halakoetan ere, enpresaburuak ez badu hori frogatzen, kaleratzea deuseza izango da, baina langileak kasuan kasuko kalte-ordainak jasotzeko, demandan horiek eskatu ez ezik, oinarrizko eskubideren bat edo askatasun publikoren bat urratu zaiola ere alegatu beharko du, eta auzitegiak urratze hori aitortu beharko du epaian.

Hain justu, kaleratzearen deuseztasun objektiboa eragiten zuten bi kasu berri jaso zituen ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuak, eta horiek dira 4/2024 Lege Organikoak ezabatu dituenak Langileen Estatutuaren 53.4.b) eta 55.5.b) artikuluetan.

Itxura denez, nahi gabe ezabatu dira bi kasu horiek.

Egin-eginean ere, aldaketak egiteko orduan, ez da aintzat hartu 5/2023 Errege Lege-dekretuak Langileen Estatutuari emandako idazkera, hots, arau horren azken idazkera, baizik eta otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen benetako eta eragingarria den berdintasunerakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoak, emandakoa, indargabetuta zegoena. Halaber, kontuan hartu behar da, azken lege horrek indargabetu zuela irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoak, sexu-askatasuna oso-osoan bermatzekoak, egindako aldaketa. Hain zuzen, azken horrek zuen idazkerari eutsi zaio orain 4/2024 Lege Organikoak Langileen Estatutan egindako aldaketan. Kontua da, 10/2022 Lege Organikoak estreinako jaso zuela sexu-indarkeriaren biktimak kaleratzea, kaleratzearen deuseztasun objektiboa eragiten duten kasuen artean, Langileen Estatutuaren 53.4.b) eta 55.5.b) artikuluetan. Gero, 4/2023 Legeak kasu hori ezabatu zuen eta orain 2/2024 Lege Organikoak berreskuratu du, baina, aipatu den bezala, 5/2023 Errege Lege-dekretuak ezarritako beste bi kasu ezabatuz. Ministerio desberdinen arteko koordinazio falta eta parlamentuko taldeek egin beharreko kontrol falta? Demokraziak bizi duen gainbeheraren adibide?

Baina zein dira ezabatu diren bi kasu horiek, kaleratzearen deuseztasuna eragiten dutenak?

Batetik, Langileen Estatutuaren 37.3.b) artikuluak araututako baimenaldia eskatu duten pertsonen kasua dago. Orain arte baimenaldi hori eskatu duten edo baimenaldi hori duten langileak kaleratuz gero, deuseztasun objektiboa aktibatzen zen.

Baimenaldi horren arabera langileek eskubidea dute 5 egun izateko, ezkontidearen, izatezko bikotearen nahiz bigarren gradurainoko odol bidezko edo ezkontza bidezko ahaideen, horien artean direla izatezko bikotearen odol bidezko senideen, eta langilearekin etxebizitza berean bizi den eta horrek eragingarritasunez zaindu behar duen beste edozein pertsonaren istripu nahiz gaixotasun larriarengatik, ospitaleratzearengatik edo ospitaleratzerik behar ez duen ebakuntza kirurgikoarengatik, etxeko atsedena behar bada. Gainera, nabarmendu behar da kasu horretan langileak ordainsariak jasotzeko eskubidea izango duela, nahiz eta lanean absente egon, betiere, aldez aurretik abisua eman eta absentzia justifikatu badu.

Bestetik, Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluarekin bat etorriz, lanaldiaren inguruan egokitzapenak eskatu dituzten langileen kasua dago. Orain arte egokitzapen horiek eskatu dituzten edo egokitzapenak lortu dituzten langileak kaleratuz gero, deuseztasun objektiboa aktibatzen zen.

Zehatzago, langileek eskubidea dute lanaldiaren iraupena eta banaketa direla-eta egokitzapenak eskatzeko, lanaren denbora-antolaketan eta lana egiteko moduan, euren lana distantziara egitea barne, familia- eta lan-bizitzakontziliatzeko duten eskubidea eragingarri egiteko.

Halaber, langileek semeak edo alabak badituzte, eskubidea dute eskabide hori egiteko semeek edo alabek 12 urte izan arte.

Era berean, eskubide hori dute zaintza-beharrizanak dituzten langileek, zaindu beharrekoak direnean 12 urtetik gorako seme edo alabak, ezkontidea edo izatezko bikotea, bigarren gradurainoko senideak, bai eta menpeko beste pertsona batzuk ere, azken horiek bizileku berean bizi direnean, baldin eta horiek guztiek adinarengatik, istripuarengatik edo gaixotasunarengatik euren kontura baliatzeko gaitasunik ez badute, eta horiek zaintzeko beharrizana duen langileak justifikatzen baditu bere eskaera oinarritzen duten inguruabarrak.

Edozein kasutan, egokitzapenok gauzatu beharko dira Langilearen Estatutuaren 34.8 artikuluak ezarritako betekizunak gauzatuz.

Orain arte adierazitakoak kontuan hartuz, esan genezake, une honetan, aipatu baimenaldia edo egokitzapenak baliatu nahi dituzten edo baliatzen ari diren langileak kaleratuz gero, langileok ez dutela eskubiderik izango kaleratzearen deuseztasun objektiboa eskatzeko.

Baina horrek ez du esan nahi kaleratzea bidezkoa izango denik. Kaleratzea deuseza izan daiteke, langileak bereizkeria-arrazoiren bat egotearen edo oinarrizko eskubide edo askatasun publikoren bat urratu izanaren inguruko zantzuren bat alegatu eta enpresaburua gai ez bada frogatzeko kaleratzeak ez duela zerikusirik izan horrekin. Halaber, kaleratzea bidegabea izan daiteke enpresaburuak legeak ezarritako arrazoietatik kanpo langilea kaleratzeagatik edo inolako arrazoirik eman gabe, kaleratzeagatik. Kasu horretan, enpresaburuak erabakiko du langilea berriro enpresan onartzea edo kalte-ordaina ematea, salbu eta langilea gainerako langileen lege-ordezkaria denean.

Horrenbestez, 2/2024 Lege Organikoak eragindako zalaparta dela eta, bi dira egin beharreko kritikak. Aurrena, legegileari eskatu behar zaio arduraz jokatzea eta segurtasun juridikoa bermatzea. Hurrena, komunikabideei eskatu behar zaie berriak behar bezala zabaltzea, gizartean alferrikako edota neurriz kanpoko izurik zabaldu gabe.

Deustuko Unibertsitateko lan-zuzenbideko irakaslea