Osakidetzak 3.434 pertsona diagnostikatu zituen depresioarekin 2025ean, hau da, aurreko urtean baino %12 gutxiago. Beherakada hori gorabehera, depresioak gizartean eragin handia duen gaixotasuna izaten jarraitzen du.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egin dute Depresioaren aurkako Borrokaren Mundu Egunaren ospakizunekin, asteartean, urtarrilak 13, eta berretsi egin dute osasun mentaleko arreta kalitatezkoa eta herritarren beharretara egokitua izateko konpromisoa.

Gaixoen prebalentzia eta profila

Gaur egun, depresioak 19.929 pertsonari eragiten die Euskadin. Lurraldeka, 2.288 kasu Arabari dagozkio, 10.005 kasu Bizkaiari eta 6.622 kasu Gipuzkoari. Kasuen %65 emakumeetan gertatzen dira, batez ere 46 eta 75 urte bitartean. Iaz 3.434 kasu berri diagnostikatu ziren (391 Araban, 2.035 Bizkaian eta 1.004 Gipuzkoan), eta 2024an, berriz, 3.898 kasu. Diagnostiko berrien %60 baino gehiago adin-tarte bereko emakumeetan egin ziren.

Depresioak hainbat nahasmendu biltzen ditu, hala nola depresio nagusia, distimia eta beste nahasmendu depresibo batzuk. Gainera, nahasmendu bipolarrak (fase depresiboak ere baditu) tratamendu espezializatua behar du. Gertakari gehienak lehen mailako arretak artatzen ditu (%55 inguru), eta hasierako tratamenduari erantzuten ez diotenak osasun mentaleko zentroetara bideratzen dira.

Osasun mentaleko sarea eta praktika berritzaileak

Osakidetzako osasun mentaleko sareak 1.600 profesional ditu, eta horietatik bostetik bat psikiatriako espezialistak dira. Euskadi da estatuko buru, 100.000 biztanleko 15 psikiatrarekin, eta batez beste 9,27 dira. Sareak 500.000 kontsulta baino gehiago egiten ditu urtean, eta hainbat patologia (depresioa, nahasmendu psikotikoak edo adikzioak) dituzten 120.000 paziente ingururi ematen die arreta.

Praktika berritzaileen artean, MasterMind proiektua nabarmentzen da, Lehen Mailako Arretatik depresioa tratatzeko online esku-hartze psikologiko kognitibo-konduktualak eskaintzen dituena, osasun mentaleko zerbitzuekin koordinatuta. Laster, osasun-psikologia orokorreko profesionalak sartuko dira lehen mailako arretan, ongizate emozionala sustatzeko.

Prebentzioa eta laguntza bilatzea

Depresioaren aurkako Borrokaren Munduko Eguna dela etaOsakidetzak azpimarratu du oso garrantzitsua dela sintomak antzematea eta osasun-profesionalei laguntza eskatzea horiek irauten dutenean.

Era berean, gogorarazten da depresioaren konplikazio larrienetako bat suizidio saiakerak direla, eta, beraz, erabakigarria dela alarma-seinaleak identifikatzea, hala nola heriotza pentsamenduak, muturreko isolamendua edo bat-bateko portaera aldaketak. Kasu horietan, ohiko terapeutarekin harremanetan jartzea gomendatzen da, edo, larrialdi-egoeretan, 112 telefonora deitzea edo gertuen dagoen larrialdi-zerbitzura joatea.