Unibertsitateek kaleratutako manifestuaren harira, “haurren eskubideen defentsan” egindako testua dela azpimarratu du Neritzel Albisua doktoreak eta, multikirolaren alde eragile guztien artean sortu den sintonia ona” kontuan harturik, hurrengo pausoei begira, “lan polita egiteko aukera” dutela deritzo.

“Pertsona askok hartu dugu parte prozesu honetan. Aurreko urtean, epaia irten zenean, lanean jarri ziren hainbat eragile, eta ikerketa prozesu baten ondorio izan da manifestu hau”, esan du Albisuak.

"Haurren eskubideak"

“Kontuan hartu behar dugu, haur batek kirol bakarra aukeratzen duenean, agian ez duela gustukoen duena hautatzen, besterik probatu ez duelako baizik. Haurren eskubideaz jarduten ari gara, aukera berdintasuna sustatu nahi dugu, eta multikirolak babes hori eskaintzen duela uste dugu”, deritzo doktoreak. 

“Espezializazio goiztiarrak, gorputzak hizkuntza bakarra ikastea dakar, eta horrek ez du kirol errendimenduan bakarrik eragiten, baizik eta bizitzako beste hainbat aspektuetan. Abilezia eta bakoitzaren ongizatea ere jokoan sartzen dira”, esan du.

Albisuak indartsu ikusten du multikirolaren alde dagoen azpiegitura. “Krisiak ondo etortzen dira, haien ondoren indartsuago bilakatzen garelako. Egon den sintonia ona, bai unibertsitate guztiekin bai Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere, oso baliagarria izango da lan polit bat aurrera eramateko”, nabarmendu du.

Hurrengo pausuak

Aurrera begira, “plano desberdinetan kontzientziazio prozesu bat eskatzen du gaiak, prozesu dibulgatzaile sakona. Gai horren inguruan asko hitz egiten bada ere, batzuetan ezinbestekoa izaten da ereduak ongi azaltzea”, zehaztu du doktoreak. “Herrialde bakoitzak bere errealitatea bizi duenez, hauxe da garaia guztiok batera egitura sendo bat ehuntzeko”, esanez amaitu du Albisua doktoreak