Etorkizuneko ordenagailu kuantikoetarako material supereroaleak garatzea helburu duen Donostia International Physics Center (DIPC) eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren proiektu batek 250.000 euroko laguntza jaso du BBVA Fundazioaren Oinarriak Programaren eskutik.

'Artificial Quantum Matter: From 2D Materials to Spin Lattice Systems' izeneko proiektua Francisco Guineak (DIPC) eta Iván Brihuegak (UAM) zuzentzen dute, eta ikerketa teorikoa eta esperimentala konbinatzen ditu, "atomoen bi dimentsioko sareak diseinatzeko, ondoriozko materialen propietateak zehatz-mehatz kontrolatu ahal izateko".

Funtzionalitate berrien bila

"Itxuraz oso desberdinak diren hainbat materialen propietateak konbinatuko lituzketen material artifizialak egin ahal izango balira, naturak eskaintzen digunetik harago joango liratekeen funtzionalitate berriak lortuko lirateke", azaldu du Gineak ohar batean.

Helburu hori lortzeko, hiru eraikuntza-bide proposatzen ditu proiektuak: hidrogenozko atomoak grafenozko substratu baten edo beste material batzuen gainean banan-banan lekualdatzea; tamaina nanometrikoko metal zatiekin egindako eta ordenatutako puntu kuantikoak erabiltzea sarea osatzeko; eta lehendik dauden material bidimentsionalak deformatzea, grafenoa kasu.

Azken helburua

Azken helburua da korronte elektrikoa galerarik gabe igarotzea ahalbidetuko duen sare supereroale bat lortzea, eta sare horiek hiru dimentsiotara nola zabaldu aztertzea.

Ikertzaile horiez gain, Dario Berciouxek (DIPC), Deung-Jang Choik (CFM eta DIPC), Mikhail I. Katsnelsonek (Radboud University eta University Constructor) eta José Ángel Silva Guillének (IMDEA Nanociencia) ere parte hartzen dute proiektu honetan.