Donostia – Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2025erako aurrekontu proiektuan 29,7 milioi euro bideratu dira, elektromugikortasunarekin, teknologia kuantikoekin eta zibersegurtasunarekin lotutako proiektu estrategikoak bultzatzeko.

Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak bere departamentuaren aurrekontuen xehetasunak aurkeztu zituen atzo, eta bigarren jardunaldi horretan izan ziren baita ere, Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako Azahara Domínguez, Félix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua, Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletakoa, eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua.

Insaustik azaldu zuenez, aurrekontuak onartuz gero, bere departamentuak 77,4 milioi euro bideratuko omen ditu “egungo ziurgabetasun-egoeran Gipuzkoako jarduera ekonomikoa finkatu eta sustatzeko”. Horietako 29,7, “ekonomia berriaren oinarriak” ezarri eta gure lurraldea “balio erantsi handiko” jardueretan sendotuko duten proiektu estrategikoak bultzatzera bideratuko dira.

18 milioi, 2025. urtea hastearekin batera Eskuzaitzetako egoitza berria inauguratzekoa den Mubil-i, mugikortasun iraunkor eta adimenduneko zentroari esleitu zaizkio.

Aurkeztu berri duten kontu publikoen zirriborro horretan bada partidarik “Gipuzkoa teknologia kuantikoen europar nodo bihurtzeko, baita Ziur zibersegurtasun zentrorako ere”.

Enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako laguntzen bitartez gauzatuko den Sustapen ekonomikoak 25,9 milioi euro izango ditu. Horien artetik, langileek enpresetan parte hartzea bultza-tzeko partidak ere esleituko dira, ekonomia berdeko eta ekintzaile-tzako ekimenak sustatzeaz gain.

Berrikuntza Zuzendaritzak 20,6 milioi euro izango ditu; horietatik 14,7 zientzia eta teknologia susta-tzeko erabiliko dira, eta 5,9, berriz, enpresen berrikuntzarako.

MUGIKORTASUNA

Mugikortasun Departamentuak 61 milioi euro (aurrekontuaren %83) bideratuko ditu Lurraldebusen emakidadunentzat; 3 milioi euro gordeko ditu Loiolako Erriberako aldageltokirako, 580.000 euro Hondarribiko aireportua sustatzen duen Ortzibia sozietaterako, eta beste 700.000 euro garraio publikoa moderniza-tzen jarraitzeko.

AZPIEGITURAK

Bestalde, Bide Azpiegituretako Departamentuak 127 milioi euro izango ditu errepideetan hobekuntzak egiteko: hala nola, A-15 errepideko Oindolar, Gorosmendi eta Belabetako tunelak berritzeko, Zarauzko saihesbide berria eraikitzeko (3,43 milioi) eta Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko lanak burutzeko (5,17 milioi).

Departamentu honen aurrekontuan 400.000 euroko partida bat ipini da, Gaintxurizketan behin-behineko oinezkoentzako pasabide bat eraikitzeko, puntu horretan ezbehar-tasa murrizteko helburua duen behin betiko proiektua gauzatzen den bitartean.

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek azaldu zuenez, 70,5 milioi euro izango ditu, eta horietatik 12,2 Gipuzkoako ondare historiko-artistikoa kontserbatu, babestu eta transmititzeko erabiliko dira.

Kultura sustatzeko eta hedatzeko, Aldundiak 26 milioi euro izango ditu; beste 19,5, berriz, “berdintasunean oinarritutako kirol sistema hezitzailea” sortzeko erabiliko dira, eta 7,5, gazteen autonomia sustatuko duten egitasmoetarako.

Azkenik, Xabier Arrutik zuzen-tzen duen Lurralde Oreka Berdearen departamentuak 47,6 milioi euro izango ditu, aurreko ekitaldian baino 3,7 milioi gehiago.

Lehen sektoreko neurriei dagokionez, belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, basoen kudeaketa jasangarria, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearen jarduera ekonomikoa babestea, eta klima-aldaketaren aurkako babes eta borroka-tresnen eraginkortasuna sustatzea izango dira, besteak beste, departamentu horren aurrekontuan islatuko diren helburuetako batzuk.