Ertzaintzak, udaltzaingoekin koordinatuta, kontrola areagotuko du, EAEko bide-sarean astelehen honetatik (hilak 1) ostiralera arte gidatzean arreta galtzea saihesteko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gogorarazi duenez, 2024an erregistratutako trafiko-istripuen %29,54tan gidatzeko arreta galtzea izan zen arrazoi nagusietako bat, abiadura desegokiaren edo alkohol-kontsumoaren gainetik.
Arreta galtzea gidatzean
Distrakziorik ohikoenetako bat telefono mugikorra erabiltzearekin lotuta dago. Gidatzen den bitartean eskuan eramatea, mugitzen ari den ala ez kontuan hartu gabe, 6 puntu galtzearekin zigortzen da; baita ibilgailua semaforo edo auto-ilara batean geratuta dagoenean ere, zirkulatzen ari dela uste baita.
Era berean, zirkulazioan dagoen telefono mugikorra manipulatzeak, gailua euskarri batean edo antzeko batean badago, hau da, eskuarekin ukitu ez arren, hiru puntu kentzea ekarriko du. Debekatuta dago, halaber, soinu-erreproduzigailuei konektatutako aurikularrekin, radar-detektagailuekin edo Internet, TB, bideoa edo DVDa hartzeko ekipoak manipulatuz gidatzea. Arau-hauste horiek 200 euroko isunak eta gidabaimenaren edo gidalizentziaren hiru puntu galtzea dakarte.
Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du mugikorra "auto moduan" edo "hegazkin moduan" jartzea eta aparkatuta dagoen ibilgailuarekin bakarrik erabiltzea. Era berean, gomendagarria da irratia edo musika bolantetik zuzenean erabiltzea eta ibilbidea GPSan programatzea martxa hasi aurretik, inoiz ez bidaian zehar.
Arreta galtzearen ondoriozko istripu mota ohikoenak honako hauek dira: bidetik irtetea, aurrez aurreko talkak, aurreko ibilgailuarekin talka egitea edo harrapatzea. Hori guztia saihesteko, kanpaina horiek indartu egiten dira, eta urte osoan zehar egiten ari diren 32 Trafikoa eta Garraioa Zaindu eta Kontrolatzeko Kanpainen egutegian txertatzen dira.