Emakunderen ikerketa baten arabera, “gizonek eta emakumeek ez dute mendekotasun-jokabideen ezaugarrietan, bilakaeran edo ondorioetan eredu bera erakusten”. Gehienetan jokabide-adikzioei erreparatzen die, hala nola ausazko jokoei, bideo-jokoei edota erosketa konpultsiboari.
Ohitura kaltegarriak
Ondorioek agerian uzten dute emakumeak beranduago heltzen direla ohitura kaltegarri horietara, emakume horien mendekotasuna “bigarren mailako ondorioa izaten delako sarritan, genero-rolek markatutako portaerei lotutako egoera konplexuetan, adibidez zaintzaren zaman”.
Laguntza
Gainera, laguntza eskean beranduago joaten omen dira, estigma sozialak eta lotsak “atzera egiten dielako emakumeei laguntza eskatzeko orduan”.
Horiexek dira, substantziadun eta portaerazko adikzioetan genero-ikuspegitik egindako ebaluazioari buruz Emakumearen Euskal Erakundeak egindako txostenaren ebidentzia nagusiak.
Genero-ikuspegia eta emakumeen ikuspuntua portaera-adikzioetan txertatzea ezinbestekoa iruditzen zaio ikertzaile taldeari, eta premiazkoa irizten diote “propio sortu eta egokitzea, emakumeentzako prebentzio-programak, metodologia, esku-hartzeak eta tratamenduak”.
Erakundeei eskari zuzena luzatu diete txostenaren egileek, “emakumeen esperientziak kontuan har ditzaten eta arretaz entzun ditzaten, gizarteak eragiten dien estigma eta lotsa kendu ahal izateko.
Azterlana atzo aurkeztu zuten Gasteizen; Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien fakultateko Psikologia sailean Ana Estévez Gutiérrez buru duen ikerketa-taldeak egin du, Laura Macía, Milena López, Itziar Gandarias, Paula Jauregui eta Janire Momeñeren parte hartzearekin.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko azterlanei Emakundek ematen dien beka jaso du ikerketak, eta emakumeen mendekotasunak ikusarazteko ebidentzia zientifikoa jasotzea du helburu, bai substantziekin lotutakoak, bai portaerarekin lotutakoak, beti ere arlo horretan genero-ikuspegia era egokian txertatu ahal izateko.
Aurreiritziak
Ikertzaileen esanetan, “mendekotasunaren estigmatizazio soziala, mendekotasuna duen emakumearen aurreiritziak edo sexuaren araberako adikzioen sinesmen faltsuak dira psikologia fisikoaren arlo horretan genero-ikuspegia horren berandu sartu izanaren arrazoi nagusiak”.
Ikerketan aipatzen denez, substantziekiko adikzioetan ari da pixkanaka genero-ikuspegia txertatzen, batez ere alkoholaren kontsumoan; baina jokabide-adikzioen eremuan, aldiz, genero-ikuspegia “oso berriki “ hasi da kontuan hartzen.
Txostenean bi ikerketa paralelo eta osagarri jaso dira. Alde batetik, adituek parte hartzen duten Delphi metodologiaren bidez, jokabide-mendekotasuna duten emakumeak ebaluatzeko tresnak edo itemak zehazten dira. Bigarren ikerketa, adikzioak dituzten emakumeen azterketa kualitatibo batean oinarritzen da, eta elkarrizketen bidez edota eztabaida-taldeekin burutu da.
Zainketen zama
Estresa egoten da mendekotasun askoren atzean. Emakume ugarik jasaten dituzten mendekotasun horiek, kasu askotan, genero-rolek eragindako arrazoiek eragiten dituzte. Ikerketa izugarri baliagarria dela adierazi zuen Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, “genero-desberdintasunen eta jokabide-mendekotasunen arteko lotura egiaztatzen duelako”, eta “genero-ondoezak” hizpide izan zituen, kasu askotan, emakumeen mendekotasun-jokabide ugari sortzen dituztelako.
Esate baterako, ondoez horien artean aipatzen dituzte emakumeek ikerketan, bakardade-sentimendua, depresio-egoerak eta, nagusiki, emakumeek jasaten duten zainketen karga desorekatuagatiko estresa.