Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak atzo adierazi zuenez, ezin da onartu pornografia “emakumeen aurkako indarkeriaren eskola” bihurtzea, eta “teknologia digitala berdintasunaren aurkako zenbait diskurtso iraultzeko aukera” izan daitekeela iritzi zion.
Emakundek EHUko Udako Ikastaroetan Gazteen kultura digitalaren azterketa, sozializazioan eta hezkun-tza afektibo eta sexualean ondorioak ikuspegi feministatik izenburuarekin antolatu duen bi eguneko ikastaroari hasiera eman zion Elgarrestak.
Helburua
Mintegiaren helburua da Gazteen hezkuntza afektibo-sexualaren errealitatea ezagutzea du helburu mintegiak, bai eta pornografiaren kontsumoari eta sexu-indarkeriaren naturalizazioari buruz hausnartzea, batik bat ingurune birtualean.
“Teknologiaren bitartez, munduaren ikuspegi zehatz bat eraikitzen eta zabaltzen da gazteen artean”, eta horrek eragina zuzena du sexu-hezkuntzan, adierazi zuen Elgarrestak.
Hori kontuan izanik, ingurune digitala “berdintasunaren aurkako diskurtso batzuk lehengoratzeko aukera izan daitezkeenaren ikuspegitik” aztertzeko beharra planteatu zuen.
Emakumeak informazioaren teknologietan ahalduntzeko estrategiak eta ekimenak identifikatu nahi dira ikastaroan, bistakoa den arrakala digitala murrizteko, esan zuen.
“Generoarekiko sentibera den teknologia digitala aukera paregabea da emakumeen ahalduntze globalerako, aro digitaleko desberdintasun-mota guztiak ezabatzeko eta berrikuntza-ekosistemak eraldatzeko”, aipatu zuen.
Madrilgo Complutense unibertsitateko Soziologiako irakasle Elisa Garcia-Mingok, ingeleseko “manosphere”-etik eratorritako “manosfera” deiturikoari buruzko ikerketa azaldu zuen; horrela izendatzen dutelarik, diskurtso misogino eta feministen aurkakoen hedapenean oinarritutako mugimendu ugari biltzen dituen espazio birtualen multzoa.
Gizon gazteek sexu-indarkeriari buruz duten pertzepzioan misoginia digitalak zer nolako eragina izan lezakeen aztertu zuen García-Mingok.
Elementu sozialitzailea
Bideo-jokoak elementu sozializatzaile gisa hartuta Isa Duque eta Laura Almenara dibulgatzaileek dinamizatu zuten mahai-inguruarekin amaitu zen ikastaroaren lehen zatia.
Gaurkoan, Diziplinarteko eta Generoko Ikasketetan doktorea den Mónica Alariok, pornografiaren kontsumoa eta sexu-indarkeriaren naturalizazioa izango ditu oinarri bere solasaldian.
Jorge Manrique
Palentziako Jorge Manrique institutuko Espainiera eta Literaturako katedradun eta genero indarkeriaren ikerketan eta prebentzioan aditua den Miguel Angel Arconadak, eta pentsaera kritikoa sustatu eta harreman parekideko proiektu integralak garatzen dituen Hiruki Larroxa kooperatibako kide den Joseba Gabilondok, mahai ingurua eskainiko dute, gizonek eta haurrek esparru digitalean zer pentsatzen duten eta nola jokatzen duten eztabaidatuz.
Eta ikastaroa amaitzeko, ikerketa sozialerako Aradia kooperatibako kide Delicia Aguadok Bortxaketaren kultura ikus-entzunezko fikzioan desmuntatzen izenburuko hitzaldia eskainiko du.