42 urteko emakumea, alkohol-kontsumo problematikoa eta antsietate-nahaste larria dituena, diru iturri nagusia subsidioetan, gizarte-laguntzetan edo hurbilekoen lagun-tza ekonomikoan oinarritzen duena: horrelakoa da Gizakia Helburu zentroetako erabiltzaileen profila, eta aipatu, 18 urte behar izaten dituztela laguntza eskatzerako. 2023an erakundeak artatutako pertsona guztien %16,7 emakumezkoak izan ziren, aurreko urtean baino bi puntu gutxiago, baina 2014an baino 2,5 puntu gehiago, tratamenduan mendekotasun-arazoak dituzten pertsonen profilari buruz ostegun honetan Gizakia helburu Behatokiak aurkeztutako txostenaren arabera. Ikerketak alde nabarmena erakusten du sexuen artean.
Profila
4.041 erabiltzaileren datuekin egindako txostenak profil maskulinoa nabarmentzen du oraindik ere, erakusten, baina Gizakia Helburuk ohartarazpen garbia egin nahi izan du: emakumeek laguntza gutxiago eska-tzen dute –eta, gainera, beranduago egin ohi dute–, gizartean erabat normalizatuta dauden eta legalak diren bi substantzien abusua nagusitzen delako eurengan, alkohola eta hipnosedanteak. Substantzia horien arriskuaren pertzepzio txikia eta banalizazioaz gain, estigmaren beldurra eta besteen zaintza lehenesteko joera izaten dute, eta horrek tratamenduaren hasiera atzeratzea ekartzen du, Elena Presencio elkarteko zuzendari nagusiak adierazi duenez.
Emakumeek, alkohola; gizonek, kokaina
Gizakia Helbururen zentroetara joaten diren pertsonen batez besteko adina geroz eta zaharragoa izaten da: 36,5 urte izan zen 2014an, eta 39,9, 2023an, eta emakumezkoek bi urte beranduago eskatu ohi dute laguntza (41,6 urterekin, 39,9ren aldean). Gainera, kontsumoa ezkutatzeko joerak bultzatuta, emakumeek batez beste 18 urte behar izaten dituzte laguntza bila hasteko. Kasu askotan, mendekotasuna publiko eginez gero seme-alaben zaintza galtzeko beldurra izaten dute, eta familiaren, ekonomiaren eta gizartearen lagun-tza txikiagoa izaten dute.
Tratamendu-eskaera gehienen eragile kokaina ( %40,8) eta alkohola (%35,9) izaten dira. Distantzia handira agertzen da kanabisa (%7,6). Horretan ere alde nabarmena dago sexuen artean: emakumeentzat substantziarik problematikoena alkohola da (%46,8), eta ondoren dator kokaina (%35,5). Gizonen artean, berriz, alderantziz gertatzen da, eta legez kanpoko droga dago lehen postuan (%41,9 eta %33,6, hurrenez hurren).
Emakumeak, gizonak baina beranduago
Emakumeak gizonak baino berandaugo hasten dira modu problematikoan edaten, batez ere kantitate handietan; 26 urte dituztenean gertatzen da hori (gizonek baino 5 urte beranduago); bestelako opiazeo/analgesikoak kontsumitzen 28,6rekin hasten dira (gizonezkoak baino 4 urte geroago). Legezkoak diren beste substan-tzia batzuei erreparatuz, benzodiazepinen eta lasaigarrien abusu handiagoa antzematen da emakumeen artean (%1,4) gizonen artean baino (%0,6).
Ikasketa-maila
Ikasketa-mailaren arabera, erabiltzaile gehienak Bigarren Hezkuntzako tituludunak dira (%45,5); emakumeen kasuan, ikasketa maila nabarmen garaiagoa izaten da, %13,8 Unibertsitatera joandakoak baitira, eta gizonen kasuan, berriz, %8,9. Gizakia Helburu proiektuaren batez besteko erabiltzaileak lan egin izan du azken hiru urteetan, nahiz eta gehienak kualifikazio baxuko enpleguetan eta aldez aurreko prestakuntzarik behar ez duten lanpostuetan.