Amorebieta-Etxanoko hilerriko hobian berreskuratu diren Gerra Zibileko 86 desagertuak identifikatzeko lanak hasi dira fruituak ematen. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak atzo aurreratu zuenez, gudari eta milizianoenak omen diren gorpuetako lehena identifikatu dute dagoeneko.

Gorputzak

Familia berehala entregatu dizkiote gorpuzkiak, datorren astelehenean, maiatzaren 13an, herriko udaletxean egingo den ekitaldian. Nerea Melgosa sailburua eta Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea buru direla, bertan izango dira baita ere, Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariak, eta herriko hilobiaren indusketa-lanen arduradun izan den Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoa ere.

Gerran hildako hainbat pertsona hilerrian lurperatu zituztela azaltzen zuen dokumentazio historikoa aztertu ondoren hasi ziuzten Amorebieta-Etxanoko lanak. Gorpuak lurpetik ateratzeko lanak bi fasetan egin ziren: lehenengo fasean 54 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu zituzten. Gorpuzkien azterketan eta hobian aurkitutako materialean oinarrituta, hipotesia da udalerritik gertu dauden gerra-fronteetan hildako borrokalariak izan daitezkeela, esate baterako Bizkargin eroritakoak, edota bestela Zornotzako ospitale militarrean hildako soldaduak.

Gogora

Martxoaren 26an, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria bertaratu zen indusketa-gunera egindako bisitan eman ziren ezagutzera bigarren fasearen lehen emaitzak: beste 14 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu zituzten hilerrian. Honako hauen zantzuek adierazten dutenez, herriko ospitaletik edo inguruko gerra-fronteetatik eramandako gudarien eta milizianoen gorpuak lirateke hauek ere.

Datorren astelehenean, identifikatutako lehen gorpuzkiak senideei entregatzeko ekitaldian, dagoeneko 86 gorpu topatu diren eremu horretako lanen egungo egoeraren berri emango da. Memoriaren Institutuak joan den martxoan jakinarazi zuenez, inguru horretan desagertutako 35 familiarekin harremanetan jarri omen da, eta horietako 17ren DNA laginak lortu omen ditu identifikazioetarako.

Familiei deia

Zornotzako ospitale militarrean edo inguruko gerra-fronteetan hil eta non ehortzita dauden ez dakiten ahalik eta familia gehienekin harremanetan jartzea du helburu Gogora Institutuak. Horretarako, institutuarekin harremanetan jartzeko eskatu zaie desagertutakoen senideei, identifikaziorako prozesuari ekin diezaioten. Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera burutzen ari diren Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko programaren baitan dago esku-hartze hori.